Nolako zura, halako ezpala
Sarrera ilunean, etxeko atea ireki egin da. Ogia besapean, barrura sartu eta isiltasunez mugitzen da korridorean zehar emakumea, egunero ematen diren pausoen segurtasun mekanikoaz. Kamerak modu robotikoan jarraitzen ditu emakumearen joan etorriak, pareten eta ate-markoen artean etxe hutsaren erretratua eraikiz. Arropa erantzi eta gosaltzera eseri da. Bere eserlekuaren aurrean, mahai-zapi txikiak eta edalontzi hutsak beste jalearen absentzia adierazten dute. Eguneko lehen orduen isiltasun lodia erantzungailuko ahotsak apurtzen du: “Kaixo, Ane naiz. Orain ez nago. Nahi baduzu, deitu geroago”.
Ane desagertu egin da, Aneren presentzia hutsunea bilakatu egin da. Lide amak (Patricia Lopez Arnaiz) ez dio hasieran garrantzi gehiegirik eman nahiko Ane lotara etorri ez izanari, baina, egunak aurrera egin ahala, larritasunak gora egingo du. Azkenean, Fernando (Mikel Losada) senar-ohiarekin elkartuko da Lide, Ane desagertzera bultzatu duten arrazoien bila.
Ane burutik kendu ezin badezakegu ere, Lide da, filmaren lehenengo erdian behintzat, protagonista nagusia. Ondo eraikitako pertsonaia da, xehetasun eta ñabarduraz betea. Lideren aldarte garratzak eta lotsagabekeria burugogorrak indarra ematen diote narrazioari eta, beste modu batean dramatikoegia izaten amaitu zitekeen ama-alaba harremana errealismoz janzten dute. Pertsonaia ona, bai, baina antzezlana ezin hobea. Patricia Lopez Arnaizek sekulako papera egiten du, gertakizunen arabera erregistro batetik bestera eroso mugituz, baina, betiere, barrutik sutan dagoen ama horren zerizanari helduz.
Anek hanka egiteko zituen arrazoiak sakonki daude lurperatuta. Horrexegatik, istorioa motelki eraikiz, misterio geruza hori zulatzeko behar adina denbora hartzen du filmak, irudi bakoitza dastatzeko moduko patxadaz. Hala, bizitzaren erritmoak talka egiten du gurasoen jakin-minarekin eta alaba aurkitzeko premiazko beharrarekin. Tentsio horri jarraiki garatzen da film osoa, beraz, testuinguruak bultzatuta eraikitzen den larritasunak ez du ebazpen zalapartatsuen beharrik eraginkorra gertatzeko.
Sañudok Un coche cualquiera (2019) film laburrean darabilen estetika ilun berdinak agintzen du Ane-n ere. Eszena batetan baino gehiagotan, betondoa zimurtu beharra dago pantailak erakusten duena antzemateko. Edertasunez landua izateaz gainera, benetan egokia iruditzen zait filmak itzalak tentuz behatzeko gonbita egitea. Ziurgabetasunari aurre egiten dioten gurasoek bezala, edo eguneko argitasunetik aldentzen diren jardueren antzera, ilunpea ere izango da nagusi zintan.
Hain zuzen ere, ezkutuan zegoen hura argitara ateratzeko modua izan da, nire ustez, filmaren akats handia. Sañudok zintan zehar xehetasun guzti-guztiak kontuan hartzeko duen ahalmenak larriagotzen du istorioaren alde politikoena zabartu izana. AHT-aren kontrako borrokan murgilduta dabil Ane; ama, berriz, trenaren obren zaindarietako bat da. Orotara, bi muturretatik nahiko distantziakidea da filmak darabilen diskurtsoa. Nire iritziz, baina, Aneren mundua, militantziaren mundua, gazte burugabekoen arteko tirabira berekoitzat agertzen da erretratatua. Adibidetzat, Lide gaztetxera hurbiltzen den lehenengo aldian, berba egiten dion gazteak esaten dituen bi esaldiak nahikoa dira erdi-baboa dirudiela baieztatzeko.
Filmaren maila altua kontuan hartuta, Aneren pertsonaia zertxobait landu gabe geratu da nire iritziz; nerabeen inguruko fikzioan ohikoak diren hainbat topiko gorpuzten ditu Jone Laspiurren (Akelarre, 2020) pertsonaiak. Hala ere, ikaragarri ona da Sañudok lehen film luze honetan egindako lana, aurtengo Zinemaldian Zinemira saria eskuratu zuena. Ane-z gain, aurten ere gertutik jarraitu ahal izango dugu zinegile bilbotarraren begirada, dagoeneko estreinatu den Alarde (2020) telesailean.