Groseko etxebizitzaren arazoak, agerian

Saretxe plataformak deituta, hainbat herritarrek manifestazioa egin zuten ostiralean Grosen, Etxebizitza auzotik eta auzoarentzat lelopean. Manifestazioan zehar, geldialdiak egin zituzten, auzoan etxebizitzarekin zerikusia duten hainbat arazo ikusarazteko. Hondarpe auzo elkarteak, Bizilagunekin plataformak, auzoko gazteek eta Donostiako Maizterren Sindikatuak mobilizazioarekin bat egin zuten.
Lehenengo geldialdia Ategorrieta hiribideko 41. zenbakiko Azora putre funtsaren eraikinean izan zen, eta Maizterren Sindikatuak hartu zuen hitza. Hurrengoa, Karkizano kalean izan zen, Hondarpe auzo elkartearen ondoan, eta auzo elkarteak berak hitz egin zuen. Hirugarren geldialdian Bizilagunekin plataformak hitz egin zuen, Zabaleta kaleko 5. zenbakian, hain justu. Gipuzkoako Gotzaindegiarena da eraikin hori, eta lanetan dago, 26 apartamentuko hotel bat egiteko. Laugarren geldialdia Zabaleta kalearen eta Galtzada Nagusiaren izkinan izan zen, Azoraren beste eraikin bat baitago hor, eta auzoko gazteek hartu zuten hitza. Azkenik, Saretxek hitz egin zuen Zabaleta kaleko 55. zenbakian, Azoraren beste eraikin bat baitago hor. Hedabide honek bideo batean bildu ditu manifestazioko geldialdi guztiak.