Noa & The Hell Drinkers talde donostiarrak 'Solo' single berria argitaratu du

Noa & The Hell Drinkers blues-rock talde donostiarra ez da geldirik egon hilabete hauetan, eta single berri bat argitaratu berri du: Solo. Calypso estiloko abestia da, bluesera ekarrita; izan ere, Calypsoa berez Trinidad eta Tobagoko musika estilo bat bada ere, Amerikako Estatu Batuetako blues musikariek bere egin zuten 1940ko eta 1960ko hamarkadetan. Joan den ostiraletik, Solo entzungai dago plataforma digital gehienetan.
Singlearen azala Tutti Community enpresak egin du, eta kanta Beasaingo Pottoko estudioetan grabatuta dago, Unai Moraza Izagirreren gidaritzapean. Noa & The Hell Drinkers taldea Manu Gestidok (baxua), Gus Gonzalezek (bateria), Noa Egigurenek (ahotsa) eta Sergio Villarrek (gitarra) osatzen dute. Hedabide honek Egiguren elkarrizketatu zuen duela urtebete Hamabietan Bermuta atalean, taldearen bigarren disko plazaratu aurretik.
Hain justu, 2017an euren lehenengo diskoa argitaratu ondoren, Craft Blues bigarren lana plazaratu zuten konfinamenduaren aurretik.