Ostegunean ez da zalerik izango Anoetan

Pandemiaren egoera okerrera egiten ari dela ikusita, Realak erabaki du ostegunean, Napoliren aurkako Europa ligako partidan, Anoetan zalerik ez sartzea. “Inoiz baino zentzudunagoak izan behar dugu, eta gure zaleei dei egiten diegu egoeraren larritasuna euren gain har dezaten eta arduraz joka dezaten”, adierazi du klub txuri-urdinak. Era berean, ahal bezain laster zaleak Anoetan sartzea ahalbidetuko dutela azpimarratu du Realak: “Oraingoz urrunetik jarraituko dugu taldearekin bat eginik, baina berandu baino lehen elkarrekin egingo dugu berriro”. Klubak Anoetan 600 edo 1.000 zale sartzea pentsatzen zuen, baina azkenean, ez da posible izango.
Napoliren aurkako norgehiagoka estadioan bertan ikusteko zozketan 11.472 pertsona zeuden izena emanda. Horregatik, zaleen babesa eskertu nahian, klub italiarraren aurkako norgehiagokako deialdia osatzen duten jokalarien kamiseta bana zozkatuko dute 11.472 realzale horien artean; kamisetak sinatuta egongo dira.