Pello Jauregi ikerlari donostiarrak jasoko du Abbadia saria

Anton Abbadia sariak urtero-urtero euskararen normalizazioan aritu den pertsona edo elkarte baten lana aitortzen du. Aurten, sari hori Pello Jauregi (Donostia, 1958) irakasle eta ikerlariak jasoko du. Jauregik Euskaraldia sortu eta egitasmoari forma emateko lan egin du, eta hori nabarmendu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak, “merezitako” sari hau berari emanez.
Jauregi Pedagogian Lizentziatua da Salamancako Unibertsitatean, eta Hezkuntza Zientzietan Doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. Azken honetan irakasle da, eta, ikerketa arloan, Kuadrilategi egitasmoa sortu du, eta Aldahitz ikerketaren zuzendaria. Azken hau, Soziolinguistika Klusterrak martxan jarri zuen. 2016ean, Baietz 40 egun euskaraz Lasarte-Orian egitasmoa egin zen, eta horri buruzko ikerketa egin zuen. Honetan, “gizarte aktibazioari” eta “hizkuntza ohituren aldaketari” buruzko hainbat oinarri jaso zituen. Hain zuzen ere, egitasmoa, baita ikerketaren oinarriak ere, Euskaraldiaren inspirazio gisa erabili ziren.
Ondo bidean, saria azaroaren 27an jasoko du donostiarrak. Hain zuzen, Euskaraldia pil-pilean izango da, aurtengo edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango baita. Norbanakoek izena emateko epea oraindik zabalik dago.