Cristina Enea Fundazioko erakusketak modu birtualean ikus daitezke

Cristina Enea Fundazioak Egiako parkeko Ingurumen Baliabideen Etxeko erakusketak modu birtualean ikusteko aukera eskainiko du aste honetatik aurrera. Teknologia baliatuta, edozein gailu elektronikotik erakusketak ikusi ahal izango dira, eta bisitari birtualek informazio gehigarria jasoko dute, hala nola, testuak, argazkiak eta bideoak. Teknologia hori baliatuko duen lehenengo erakusketa Zigor Garcia artista pasaitarraren Haitzaren gibeletik izango da, abenduaren 13ra arte fisikoki ere ikusgai izango dena. Fundazioaren webgunearen bitartez sartu daiteke modu birtualera.
Erakusketa bera ikusteaz gain, modu birtualeko erabiltzaileak Ingurumen Baliabideen Etxetik ere ibili ahal izango dira, eta Mandasko Dukearen bulegora sartzeko aukera ere izango dute. Eneko Calvo Cristina Enea Fundazioko erakusketa proiektuen arduraduna pozik azaldu da berrikuntzarekin: “Jauregiko hormak hautsi eta gure erakusketak Cristina Enea parkearen muga fisikoetatik harago zabaltzen ditugu”. Bestalde, erakusketak amaitu ondoren ere modu birtualean ikusi ahal izango dira, artxiboan gordeta geratuko baitita.