Donostia itxi egin dute
Hiritik atera ahal izango da soilik lan, ikasketa, zaintza eta osasun arrazoiak justifikatuta. Gehienez sei pertsona elkartu ahalko dira, eta herritarrek kalean ezingo dute ibili 23:00etatik 6:00ak arte.
Eusko Jaurlaritzak pandemiaren datuak onbideratzeko neurriak hartu ditu, eta mugikortasuna dezente mugatzera jo du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak ezingo dira udalerritik atera justifikatu gabe. Norberak bizileku duen udalerritik ezingo dira irten, soilik lan, ikasketa, zaintza –adingabeena, adinekoena edo mendekotasunak dituztenena– eta osasun arrazoiak justifikatuta. Baita dokumentu ofizialak eskuratzeko, administrazio tramiteak edo azterketa ofizialak egiteko ere. Eta ondoko udalerrira joan ahalko dira “jarduera sozioekonomikoren bat” egiteko bada. Jaurlaritzak ziurtagiri eredu bat jarri du enpresen eskura, euren langileek eraman dezaten, joan-etorriak justifikatzeko.
Etxeratze behartua
Etxeratze agindua ezarri dute 23:00etatik 06:00etara, baina arlo horretan ere badira salbuespenak. Kalean egon ahal izango dira ordu horien artean osasun zentroren batera, larrialdi baterako albaitariarenera, lanera edo zaintza lanak egiteko joateko bada. Gainera, kalean egon ahalko da ordu horien artean etxera itzultzeko bada, eta baita gasolindegi batera joateko ere, aurrez aipatutako jardueraren bat egitera joateko bada, betiere.
Bilkurak: gehienez sei pertsona
Elkartzeko aukera ere murriztu du jaurlaritzak. Etxebizitzetan eta arlo publikoan araua izango da gehienez sei pertsona elkartzea.
Kultur eta aisialdi eremuak
Kultura-ikuskizunak egin ahal izango dira publikoarekin instalazio propioetan edo kirol-gune itxietan edo beste eraikin mota batzuetan, gehienez ere % 50eko edukierarekin, eta gehienez ere 400 pertsonarekin. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan –bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, halakoetan ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira eta–. Museoetan, taldeko bisitak ezingo dira izan sei lagunetik gorakoak, gida barne.
Kultur ekitaldi, ikuskizun, kontzertu, proiekzio zein topaketa guztiak 21:00etarako amaituko dira. Kasu gehienetan, 20:00etan hasi beharko luketen ikuskizunak ordubete aurreratuko dira.
Kirola
Bertan behera utzi dute taldekako jarduera oro. Bakarka egin ahal izango da kirola. Hala ere, salbuetsita egongo dira gimnasioetan antolatutako ikastaroak eta jarduerak –maskararekin–, eta lehiaketa profesionaletan edo erdi profesionaletan dauden taldeetako kideak ere entrenatu ahal izango dira taldeka. Kirol federatuan edo eskola kirolean, entrenamenduak egin ahal izango dira, seinaka. Profesionala edo semi profesionala ez den lehiaketa oro bertan behera utzi dute.
Tabernak
Ostatuak 23:00etan itxi beharko dituzte beranduenez. Asteko egun guztietarako ordutegi bera ezarri du Jaurlaritzak.
Garraioa
Garraio publikoari dagokionez, azken irteerak gauerdian izango dira, besteak beste, lan egiten dutenek hara joateko eta etxera itzultzeko aukera hori izan dezaten. Oraindik zehazteke dago Dbusen eta Euskotrenen nolako neurriak hartuko dituzten.