Luke Uribe-Etxebarria EAJ-ko senatariak Donostiako Udalak Loiolako kuartelak berreskuratu behar dituela aldarrikatu du
Loiolako kuarteletako lursaila Donostiako Udalaren esku gelditzearena udalaren aspaldiko aldarrikapena da; horregatik, Luke Uribe-Etxebarria senatari jeltzaleak eskaera hori berretsi du gaur, hilak 27, Espainiako Senatuko Defentsa Batzordean, “zaharkitutako kuartel batzuek okupatutako lursailek Urumeako ibarra berroneratzeko hiri proiektu baten esparruan bizitoki garapenari bide eman diezaioten”.
Uribe-Etxebarriak nabarmendu du kuartelek “erabilera eskasa” dutela gaur egun, eta, horregatik, lursail horri hiriaren garapenerako erabilera eman behar zaiola: “Lursail horiek udalak duen eduki sozial handiko proiektu batera bideratu beharko lirateke, eta, horrela, Donostiako herritarren zerbitzura jarri, etorkizuneko hiri proiektu misto baten bidez, bereziki gazteentzako bizitegi eta aisialdi eremuekin eta jarduera ekonomikoekin”.
Eskaera argudiatzeko, jeltzaleak azpimarratu du kuartelak hor izateak gaur egun ez duela zentzurik: “Loiolako kuartelak anakronismo bat dira, eta Donostiako instalazioak ez datoz bat Europako defentsaren behar estrategikoekin, ezta XXI. mendean dauden mehatxu mota berriekin eta Donostiaren beharrekin ere”. Senataria harago joan da: “Soldaduzka duela 20 urte amaitu zen, eta gaur egungo beharrak efektiboen arrazionalizazioa eta teknologien garapena dira, baita mehatxu hibridoak, biogudak eta zibermehatxuak ere. Europak ezegonkor eta tentsioan duena hegoaldeko muga osoa da, Itsaso Beltzetik Gibraltarrera, Ekialde Ertainetik, Saharaz hegoaldeko Afrikatik eta Mediterraneo ekialde eta mendebaldetik”. Horregatik guztiagatik, zentzuz jokatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, baita garai berrietara egokitutako akordio bat negoziatzeko ere.