Ostiralean argitaratuko da Rafael Berrioren hilondoko EP-a
Rafael Berrio musikari donostiarrak hiru abesti utzi zituen grabatuta hil aurretik, eta ostiralean, hilaren 30ean, argitaratuko dituzte, hilondoko EP gisa. Elkar estudioetan grabatu zituen Berriok pieza horiek, Victor Sanchezen gidaritzapean. Paul San Martin (piano jotzailea), Fernando Neira (baxu jotzailea) eta Karlos Aranzegi (bateria jotzailea) musikari donostiarrek EP-an parte hartu dute. Rosi Records enpresak binilo eta CD formatuetan ekoiztu du Berrioren azken lana, eta Gran Solek banatuko du. Joan den asteko ostiralean, EP-aren aurrerapena argitaratu zuten: Insulsa.
Musikari donostiarra zendu ondoren argitaratutako bigarren lana izango da EP-a, La Veleta argitaletxeak Absolución. Canciones de Rafael Berrio liburua argitaratu baitzuen irailean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailaren babesarekin. Liburuak Berrioren abesti gehienen letrak biltzen ditu, eta musikariak berak hautatu zuen izenburua, hil aurretik.
Berriok 40 urte inguruko ibilbide luze eta oparoa izan du. UHF taldearekin hasi zen 1980ko hamarkadan, Donosti Sound delakoan murgilduta. Ondoren, Amor a traicion eta Deriva taldeekin arrakasta handia izan zuen, eta 2010etik aurrera, hainbat disko argitaratu zituen bakarlari gisa: 1971 (2010), Diarios (2013), Paradoja (2015) eta Niño Futuro (2019). Berrio martxoan zendu zen, aspalditik zuen tumore batek jota.