"Uste dut bezero gutxiago etorriko direla oraindik"
Easo kaleko Ciaboga tabernak azken urteetan metroko lanak eta pandemia pairatu behar izan ditu. Taberna txikia izanik, bereziki eragin die barran kontsumitzeko aukera ez eskaintzea Carlos Enrique tabernako arduradunak azaldu duenez.
Nola eragin dizuete COVID-19a dela eta ezarritako neurri berriek?
Nik uste dut bezero gutxiago etorriko direla oraindik. Une honetan, ohikoarekin erkatuta, bezeroen %60an geunden, eta neurri berriekin, uste dut oraindik ere %10 gehiago jaitsiko dela.
Zuen kasuan, zein neurri berri ezarri beharko duzue?
Barran kontsumitu ezin denez, mahaiak jarri behar ditugu eta jende asko ezingo da sartu. Izan ere, taberna txikia da —6 metro erabilgarri ditu—, eta 1.5 metroko distantzia errespetatuta, bi mahai eta erdi sartzen dira. Barran kontsumitu ahal izateak aukera gehiago ematen zizkigun, baina mahaiek ez hainbeste. Horrez gain, kanpoan bi mahai txiki ditugu soilik. Lanak egin badituzte ere, espaloiak oso estua izaten jarraitzen du. Ibilgailuak pasatzea lehenetsi dute.
Ordutegian ezarritako mugek eragin dizuete?
Ez, horrek ez. Gaueko hamarretan ixten dut une honetan, beraz, ez.
Oro har, pandemiak nola eragin dizue?
Bezeroei dagokienez, beldurra dute. Erreparoz gerturatzen dira, sartzeko aukera duten begiratzera. Eta etengabe informazio nahasia jasotzeak konfiantza falta handia eragiten die.
Zein bezero mota etortzen da?
Betikoa. Oso bezero leialak ditut. Eta hori eskertu behar dut. Bezero itzelak dira. Egun batean etortzen ez badira, hurrengoa azaltzen dira. Gainera, arduratu egiten dira.
Pandemia aurretik, metroaren lanak pairatu behar izan zenituzten.
Izugarri nabaritu dugu. Zona honetan, negozio asko itxi dituzte. Parean zegoen taberna bat eta denda bat itxi dituzte. Asko eragin digu. Ondo edo gaizki, eusten ari gara. Atea ez ixteagatik.
Easo kalea zabaldu zutenean, jendea itzuli zen?
Giro apur bat gehiago nabari zen. Saltoki eta gainontzeko lokaletan ez da izugarrizko jendetza ikusi, agian bai apur bat gehiago, baina kaleak bizitza handiagoa duela ikusi dugu. Lehen falta zena.