124 koronabirus kasu atzeman dituzte Donostian
Hiriko osasun eremu guztiak gune gorrian daude atzotik, bi izan ezik: Amara-Erdialdea eta Parte Zaharra.
Asteburuan 100.000 biztanleko 500 kasu positiboen langa gainditu zuenetik, Donostiako koronabirus kasu berrien kopuruak gora jarraitzen du. 124 kasu berri atzeman ziren atzo, asteazkenean, eta, ondorioz, azken hamalau egunetako hiriko intzidentzia metatua 633,63koa da, astelehenean 610,51koa zen bitartean. Astearteko datuak hemen kontsultatu daitezke.
Itzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona berri gaixotu diren azkeneko 14 egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran, eta birusa zein abiaduratan zabaltzen den erakusten du. Zifra hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.
Kutsatze intzidentzia osasun eremuka
Osasun eremu bakoitzeko intzidentzia metatuak kontuan hartuta, hiriko zortzi eremu dira gune gorriak:
- Gros: 761,69
- Bidebieta: 690,51
- Intxaurrondo: 677,02
- Egia: 676,04
- Ondarreta: 552,83
- Loiola: 547,21
- Altza-Roteta: 513,63
- Amara Berri: 512,35
Bestela esanda, soilik bi osasun eremu daude 100.000 biztanleko 500 kasu positiboen langaren azpitik: Amara-Erdialdea, 446,37ko intzidentzia metatuarekin; eta Parte Zaharra, 492,79ko intzidentzia metatuarekin.
Atzo atzemandako positibo berri kopuruari dagokionez, jarraian ikus daiteke zifra:
- Ondarreta: 28
- Gros: 28
- Amara Berri: 16
- Intxaurrondo: 14
- Egia: 11
- Altza-Roteta: 8
- Loiola: 6
- Amara-Erdialdea: 5
- Parte Zaharra: 3
- Bidebieta: 3