53 urte bete dira Atotxako partida bat telebistaz lehen aldiz eman zutenetik
1967ko urriaren 29an, Realak eta Zaragozak partida jokatu zuten Atotxako zelaian. Partida Realak irabazi zuen, 2 eta 0. Partida horren berezitasuna, berriz, zelaitik kanpo izan zen. Hain zuzen ere, Atotxan jokatu zen eta telebistan eman zuten lehen partida izan zen hura, oraindik ere, noski, txuri beltzean. Hala gogorarazi du gaur Atotxa.org Twitterreko kontuak txio baten bitartez.
Txio horretan ere, historiako une horrekin egun gertatzen den paradoxa gogorarazi du. Izan ere, gaur gauean, Realaren eta Napoliren kontrako partida soilik telebistaz ikusi ahalko da. Zaleak gaur itzuli behar ziren Anoeta berritura, bere intentzio eta indar guztiarekin txuri-urdinak txalotu eta animatzeko. Koronabirus kasuen igoerak, berriz, erabaki hori bertan behera uztera derrigortu zuen Reala. Zaleek oraindik apur bat gehiago itxaron beharko dute Anoeta berriz ere oihuz betetzeko.