Eskola jangeletako langileek hirugarren greba eguneko mobilizazioak egin dituzte
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako eskoletako jangeletako langileek hirugarren greba eguna dute gaurkoa. Hilaren 21ean eta 27an ere greba egin zuten, eta gaur egin duten moduan, elkarretaratzea egin dute Donostian, Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Delegaritzaren aurrean, hain justu. Segurtasuna, enplegua eta lan baldintza duinak eskatzeko egin dituzte hiru grebak, prekarietate handiarekin lan egiten ari direla salatzen ari baitira. Era berean, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza komunitatetik kanpo uzten dituela ere salatu dute.
ELA eta LAB sindikatuek deitu dituzte grebak, eta hiru greba egunak iragarri zituztenean, hedabide honek sindikatu bakoitzeko kide batekin hitz egin zuen, euren aldarrikapenen berri izateko.