"Espero dut jendeak nire dimisioa eskatzen jarraitzea"
Koronabirusa dela eta, Beldurrezko Astea antolatzea inoiz baino zailagoa izan da aurten, azken momentura arte egokitzapenak egin behar izan baitituzte. Oztopo guztien gainetik, ostiralean hasiko da 31. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, eta Josemi Beltran zuzendariak jaialdia nolakoa izango den kontatu du.
Ezohiko urte honetan, nolakoa izan da Beldurrezko Astea antolatzea?
Argi genuen jaialdia modu presentzialean egin nahi genuela, eta horren aldeko apustua egin du Donostia Kulturak azken hilabeteotan. Antzoki Zaharrean guztia neurtuta genuen aspalditik, baina azken asteotan aldaketak izan direnez, edukiera pixka bat gehiago murriztu behar izan dugu. Bestalde, hasieratik argi zegoen formatu jakin batzuetako jarduerak egitea ezinezkoa zela: kaleko ikuskizunak, esaterako.
Azken momentura arte ibili gara egokitzapenak egiten. Esaterako, azkenean ezinezkoa izan da abonamenduak saltzea, Antzoki Zaharrean eta Viktoria Eugenia antzokian aldi berean programatu behar izan ditugulako filmak. Beraz, ezinezkoa da sail ofizial osoa ikustea. Horregatik, sarrera solteak soilik saltzen ari gara.
Beraz, ero moduan ibili zarete, ezta?
Inoiz baino zailagoa izan da jaialdia antolatzea. Ziurgabetasunean murgilduta egon gara une oro.
Aurtengoa oso jaialdi desberdina izango da. Nola eragingo die horrek ikusleei?
Hasteko, jendea ezin izango da etorri beste herrietatik. Hori pena da, izan ere, jende askorentzat Beldurrezko Astea da elkarrekin egoteko urteko une bakarra. Bestalde, antzokietako giroa oso desberdina izango da. Ez soilik ez delako tabernarik izango, baita jendea elkartzea saihestuko dugulako ere. Horregatik, saiatuko gara gure sare sozialetan giro hori sortzen.
Hala ere, niretzat garrantzitsuena da oso film eskaintza ona dugula; film dibertigarriak daude, eta aitzakia polita dira errealitatetik ihes egiteko. Denetarik daukagu: zonbiak, birusak, komedia beldurgarriak, marrazo hegalariak, naziak, eta abar. Maskararen azpitik ere, espero dut jendeak nire dimisioa eskatzen jarraitzea eta betiko txantxak egitea.
Zer dago aurtengo euskarazko eskaintzan?
Alde batetik, Mikel Pagadik BeldurTED bakarrizketa sortu du, eta Viktoria Eugeniako Klub aretoan ikusi ahal izango da, doan. Bestetik, euskarazko bi film labur izango ditugu lehiaketatik kanpo: Ospel eta Zerua hautsi zen gaua. Azken hori Oihua egitasmotik atera da, eta Beldurrezko Astean estreinatuko da. Oihua egitasmoa iaz abiatu genuen, Larrotxene kultur etxearekin batera, euskaraz beldurrezko gidoiak idaztea sustatzeko. Maria Fontan donostiarrak idatzi du Zerua hautsi zen gaua filmaren gidoia. Horretaz gain, hainbat film euskarazko azpidatziekin edo euskarara itzulita proiektatuko ditugu.
Datorren urtean ohiko Beldurrezko Astea izango da?
Jose Luis Rebordinosek [Zinemaldiko zuzendariak] duela gutxi esan zuen datorren urteko Zinemaldia aurtengoa baino hobea izango dela, baina oraindik neurriak hartu beharko direla. Gurea ere antzekoa izango dela uste dugu. Datorren urtekoa trantsizio jaialdi bat izan daiteke.