Metroaren auzian udal gobernuak duen jarrera salatu du Satorralaiak
Urriko udalbatzarra egiten ari dira gaur udaletxean, eta Satorralaia bizilagunen mugimenduak elkarretaratzea egin du goizean Ijentea kalean: “Satorralaiak agerraldia egin du udaletxeko atarian, hain zuzen ere herritarren parte handi baten iritziz zeharo behargabekoa eta hiriarentzat kaltegarria den makro-proiektu honen inguruan udal gobernuak duen jarrera salatzeko”. Era berean, oposizioko udal talde guztiek metroaren proiektuaren inguruko mozioak aurkeztu dituztela nabarmendu du Satorralaiak. Horregatik, azaroaren 14rako deitu duten manifestazioak bere horretan jarraitzen duela azpimarratu dute, koronabirusaren aurkako neurri berrietara egokituta. Herritar guztiak mobilizazioan parte hartzera animatu dituzte.
Udal gobernu osoak eta Eneko Goia alkateak metroaren auzian “morrontza eta partzialtasun politiko lotsagarria” agertzen duela salatu du Satorralaiak: “Metroaren lanak egitearen aldeko txostenak onartu zituzten bere garaian, baina ez dira txintik ere esateko gauza, ordea, ez ETS-ren [Euskal Trenbide Sarea] prepotentziaren eta kudeaketa okertezinagoaren aurrean, ezta Amarako, Erdialdeko eta Antiguako bizilagunei eragiten ari zaizkien kalte eta galerengatik”. Bestalde, Urbieta kalearen azpian –Amarako eskolen eta Koldo Mitxelenaren artean– lanak gelditzera behartu dituzten arazoen berri “jendaurrean eta gardentasun osoarekin” emateko eskatu diote udalari. Izan ere, bizilagunen mugimenduaren arabera, metroaren lanetako langileek azaldu dute tarte horretan ere luizi bat izan zela Zubieta kaleko lur-jausiaren ondorengo egunetan.
Metroaren proiektua “inposatua” izan dela salatu dute, eta azken asteotako arazoak direla eta, proiektuaren gainkostua %80 baino gehiagokoa izango dela gogoratu dute: “Eusko Jaurlaritzak milioi askotako gainkostuekin esleipen berri bat egiteko agertu duen asmoa onartezina da. Are gehiago gaur egungo krisi egoeran”. Mikel Alvarez Satorralaiako kidea elkarrizketatu du hedabide honek, mobilizazioen nondik norakoak azaltzeko.