Rafael Berrio musikaria omenduko dute larunbatean Tabakaleran
Martxoan zendutako Rafael Berrio musikari donostiarra omenduko dute Tabakaleran larunbatean, hilaren 31n: kontzertua eta Absolución. Canciones de Rafael Berrio liburuaren aurkezpena izango dira. Liburuak Berrioren abesti gehienen letrak biltzen ditu, eta irailean argitaratu zuen La Veleta argitaletxeak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailaren babesarekin; Berriok berak aukeratu zuen izenburua, hil aurretik. Tabakalerako patioan izango da omenaldia, eta Gema Amiama Rafael Berrioren bikotekideak eta Jonas Trueba zinemagile, editore eta musikariak aurkeztuko dute saioa. Irakurketak, bertsioak eta proiekzioak izango dira, eta musikari donostiarraren hainbat lagun eta mireslek hartuko dute parte. Hain justu, Carmen Fernandez Olivanek, Karmelo Iribarrenek, Jorge Carrerok, Javier Agirrek, Iñaki Berriok eta Itsaso Aranak irakurriko dituzte liburuko pasarteak, eta Mikel Agirre eta Cheli Lanzagorta (Amateur), Maite Arroitajauregi (Mursego) eta Diego Vasallo musikariek joko dituzte Berrioren abestien bertsioak. Donostiarraren ahotsa ere entzun ahal izango da omenaldian. 19:00etan izango da ekitaldia, eta gonbidapenak Tabakaleraren webgunean eskuratu daitezke.
Berrio martxoan hil zen, aspalditik zuen tumore batek jota, eta bere heriotzak samin handia sortu zuen Donostiako zein kanpoko kultur panoraman. Izan ere, donostiarrak 40 urte inguruko ibilbide luze eta oparoa izan zuen. UHF taldearekin hasi zen 1980ko hamarkadan, Donosti Sound delakoan murgilduta. Ondoren, Amor a traicion eta Deriva taldeekin arrakasta handia izan zuen, eta 2010etik aurrera, hainbat disko argitaratu zituen bakarlari gisa: 1971 (2010), Diarios (2013), Paradoja (2015) eta Niño Futuro (2019). Berrio martxoan zendu zen, aspalditik zuen tumore batek jota.
Hain zuzen, ostiralean, hilaren 30ean, argitaratuko da bere hilondoko EP-a, zendu aurretik grabatuta utzi zituen hiru abestik osatutakoa. Hainbat musikari donostiarrek diskoan parte hartu dute: Paul San Martin piano jotzaileak, Karlos Aranzegi bateria jotzaileak eta Fernando Neira baxu jotzaileak.