Abortuaren kontrakoen aurka antolatzen ari dira Amarako feministak
Amarako feministek salatu dute abortuaren kontrako pertsona talde bat egunero biltzen ari dela Amarako Askabide klinikaren parean, han abortuak egiten dituztelako –abortuez gain, bestelako tratamendu ginekologikoak ere egiten dituzte–. Horren aurrean, auzoko feministak antolatzen ari dira, eta hiru bat aldiz abortuaren kontrakoen aurrean bildu dira –azken aldiz, ostegunean–, emakumeen eskubideak defendatzeko. Feministek azaldu dutenez, abortu-kontrakoak arrosarioekin eta Zuregatik eta zure haurrarengatik otoitz egiten dugu dioten kartelekin joaten dira egunero klinikaren aurrera, hara doazen emakumeei presioa egiteko.
Talde feministaren arabera, abortu-kontrakoak 40 eguneko ekintza bat egiten ari dira, 40 egunez hara joango baitira. Horregatik, feministek jakinarazi dute datorren astean ere han izango direla, emakumeen eskubideak defendatzen: asteartean eta ostegunean Amarako feministak izango dira, eta asteazkenean Donostiako Asanblada Feministako kideak. Era berean, jende gehiagok mobilizazioekin bat egingo balu, egunero joaten hasiko lirateke, beti ere, koronabirusaren aurkako neurri guztiak errespetatuta. Amarako feministekin bat egin nahi izanez gero, amarakotaldefeminista@gmail.com helbidera idatzi behar da, eurekin batera koordinatzeko.