Frankistak Polloen
Franco diktadorea hil eta 45 urtera, frankismoaren arrasto ugari daude oraindik Espainiako Estatuko herri eta hirietan, baita Donostian ere. Batzuk ezagunak dira, baina beste batzuk ez horrenbeste. Polloe hilerrian dagoen monumentua da horietako bat.
Azken 80 urteetan Donostian ez da gerra hotsik izan, baina XIX. eta XX. mendeetan hainbat gerra bizi izan zituen Donostiak, 1813koa eta 1936koa, kasurako. Era berean, Espainiako Estatuak Kuban (1898an) eta Marokon (1859an) izandako gudek ere eragina izan zuten Donostian. Guztietako arrastoak daude hiriko hainbat tokitan; Polloe hilerrian, batez ere. Esaterako, Kubatik hirira zaurituta iritsitako hainbat soldadu han lurperatuta daude, herrialde karibetarrari keinu egiten dioten palmondoak dituen mausoleo bitxi batean. Adierazgarriena, ordea, 36ko gerra garaiko monumentua da.
Frankismoak bereizgarri ugari zituen, eta horietako bat erregimenaren alde borrokan hil zirenak ohore guztiekin lurperatzea zen. Hain justu, Francisco Franco diktadoreak Espainiako Estatuko herri eta hiri gehienetan eraiki zituen bere aldekoak oroitzeko monumentuak, besteak beste, Donostian. Hain zuzen, diktadorea aspaldi hil bazen ere, hainbat frankista ohore handiz lurperatuta daude oraindik Polloe hilerrian.
Kanposantuaren ekialdean –kale nagusitik ezkerrera–, harrizko gurutze handi bat dago, mantu santu batekin. Gurutzean, ‘A la memoria de los asesinados por defender sus ideales, de Dios y España. Una oración por sus almas’ –Espainiaren, Jainkoaren eta beren idealak defendatzeagatik hildakoen oroimenez. Otoitz bat haien arimengatik– irakur daiteke, eta, atzean, han lurperatutako frankisten hilobiak daude. Euren izen-abizenak eta lanbidea ageri dira, eta gehienak poliziak, guardia zibilak edo militarrak zirela jartzen du. Hala ere, Iñaki Egaña historialariak Los crímenes de Franco en Euskal Herria. 1936-1940 (2009) liburuan idatzitakoaren arabera, baliteke gurutze horren azpian frankistek fusilatutako hainbat errepublikano egotea, euren familiek jakin gabe.
Etzi azaroaren 1a da, eta batzuek diote egun horretan hildakoak altxa egiten direla. Hala bada, Polloeko hildakoek erakundeek egiten ez dutena egin dezakete: oroigarri frankistak behingoz ezabatu.