Hezkidetza eta Pedagogia Feministen kongresua egingo dute
Hezkuntza formalean zein ez-formalean lan egiten duen orori eta gaia interesatzen zaion orori zuzendua dago kongresua. Osasun egoera dela-eta erabat online izango da.
Azaroaren 3tik 5era egingo dute “Begiradak, Esperientziak, Sareak” Hezkidetza eta Pedagogia Feministen Kongresua Donostian. Hezkidetza, pedagogia feministak, parte-hartze komunitarioa, feminismoak, sexu hezkuntza eta maskulinitateen alorretako aditu, elkarte eta bestelako esperientzien hitz hartze eta ekarpenak egongo dira bertan. Osasun egoera dela-eta kongresua erabat online izango da.
Hezkidetzarekin eta Pedagogia Feministekin konpromisoa duten pertsona eta eragileak elkartu eta indartzeko gunea izatea da kongresuaren helburua. Deseraikitzearen eta eraikitzearen eraldaketa prozesuaren bitartez egituratu dituzte kongresuaren hiru ardatzak.
Batetik, sexu-genero sistemari, binarismoari, normaltasun eta arauei eta maitasun erromantikoari buruzko iruditegi kolektiboan estereotipo eta aurreiritziak deseraikitzeari buruz jardungo dute. Bestetik, tratu onetan oinarritutako harreman osasuntsuak eraikitzeaz, norberaren gorputzaz, erotismoaz eta plazeraz jabetzeko eta ahalduntzeko aukera emango duen sexuen hezkuntza eredu batez arituko dira. Azkenik, intersekziotasunean, gatazken ebazpenean zein heziketa emozionalean oinarritutako harreman komunitarioak eta bizikidetza eraikitzeaz hausnartuko dute. Horretarako hainbat panel eta tailer antolatu dituzte.
Kongresua ixteko, ondorioak landuko dituzte Maider Arregik eta Miren Artetxe bertsolariek Bertsondorioak saioan, eta Tr3s social konpainiaren Desempañando la mirada Antzerki Foroan.
Hezkuntza formalean zein ez-formalean lan egiten duen orori eta gaia interesatzen zaion orori zuzendua dago kongresua. Kongresuaren webgunean kontsulta daiteke egitaraua.