"Itxialditik atera ginenetik, jendeak landare eta lore gehiago erosten ditu"
Santu Guztien Eguna gertu izanik, lore dendak lorez eta landarez beteta daude. Hala ere, beste urte batzuetan baino salmenta baxuagoak izaten ari dira. Hala ere, sektoreak gora egin du pandemiarekin. Ana Cañas Egiako Itea loredendako arduradunaren ustez, horrek azalpen xinplea du: zoriontasuna ematen dute.
Santu Guztien Eguna da igandean. Nola doaz salmentak?
Aurten gutxiago ari gara saltzen, eta eskaeraren bat ere bertan behera utzi dute. Dena den bi egun falta dira oraindik, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.
Zuen ustez, zergatik gertatu da hori?
Uste dut jende askok erabakiko duela hilerrira ez joatea. Konpromisozko data bat izaten da, eta inork esango ez dizunez ez zarela etorri edo “ai, zein ongi etorri zarela!”, bada, arazo asko badaude hilerrira joateko, jendea ez da joaten egoera normal batean. Aurten, antza denez, dena oso zaila izango da hilerrietara sartzea. Polizia jarriko dute sarreran, eta kontrolak izango dira. Hori dela eta, uste dut jendea atzera botako dela. Beraz, printzipioz, orain artekoa ikusita, uste dut beste urte batzuetan baino salmenta gutxiago izango direla aurten.
Oro har, garai honetan, asko saldu ohi da?
Egia da geroz eta jende gehiago sartzen dela dendara, baina ez Santu Guztien Eguna izanik zerbait bilatu nahi dutelako. Are gehiago, duela bost bat urte-edo, Santu Guztien Eguneko salmentak anekdotikoak ziren. Gainera, jendeak pentsatzen zuen dena garestiago zegoela eta ez genuela ezer izango. Egun, berriz, jende asko sartzen da dendara garai honetan besterik gabe etxerako edo oparitzeko lore bila. Santu Guztien Eguna, urtero, behera doa, eta koronabirusak horretan ez du lagunduko.
Edozein kasutan, aurten erosi den lore mota aldatu da beste urte batzuekin konparatuta?
Ez da bat-bateko aldaketarik izan. Azkeneko urteetan, tendentziak poliki-poliki aldatzen ari dira. Orain, gehienbat landareak eta landarez egindako konposizioak eskatzen ditu jendeak, denbora gehiago iraun dezaten, eta ez hainbeste moztutako loreak. Esaterako, lehen, adineko emakumeek gladioloz betetako konposizio handiak eskatzen zituzten. Horiek gero eta gutxiago ikusten dira, eta hamar urtean desagertuko dira.
Adibideak emateko, zer eramaten zen hilerrietara eta zer eramaten da egun?
Garai batean krisantemoak izaten ziren, garai honetako loreak zirelako. Oraindik ere geratzen da tradizio hori, baina egun konotazio negatiboa ere badute krisantemoek. Jende askok esaten du hildakoen loreak direla, baina besterik gabe garai honetako loreak dira. Alegia, berotegirik ez zegoenean eta loreak argi orduekin engainatzen ez zirenean, eguraldi eta garai honek lore hori ematen zuen. Egun, berriz, nik klabelina lotzen dut hilerrira. Urtean zehar ez dugu saltzen, baina hilerrirako bai. Hala ere, klabelin salmentak ere behera egin du. Proportzio batekin ulertzeko: duela hamabost bat urte klabelinen 20 pakete saltzen baziren, orain bost saltzen dira. Beraz, nik uste dut, oro har, garai honetan hilerrietan gehien topa daitekeen landarea ziklamena da. Erregina da, batik bat ur gutxirekin hoberen mantentzen den landarea delako, eta gutxi zainduta hainbat hilabetez polita egoten baita. Are gehiago, norbaitek gomendatzen digunean, guk ere hori gomendatzen dugu dendan.
Banaketak egin ohi dituzue egunean bertan?
Bai. 31an eta 1ean hilerrietan utzi ohi ditugu eskaera guztiak. Gure kasuan, ia beti Polloerako eskaerak izaten dira, guztira 50 bat-edo. Azken batean, gu Polloetik oso gertu gaude.
Koronabirusa dela eta hilerrietan ezarritako neurriek banaketan eragingo dizue zuei?
Deitu behar dugu baieztatzeko, baina ezetz uste dut. Eta hala espero dut, noski. Azkeneko urteetan, 31an, gauean joaten gara, eta 09:00etarako dena jarrita izaten da. Gauzaren bat agian egunean bertan egiten dugu, baina oro har ez, dena kotxez beteta izaten delako eta ez digutelako uzten.
Santu Guztien Eguna alde batera utzita, zer moduz joan dira salmentak pandemian zehar?
Itxialditik atera ginenetik, jendeak landare eta lore gehiago erosten ditu, eta sektore guztiak gora egin du. Ohikoa baino lan gehiago izaten ari da dendan.
Salmenta horiek hilabete guztietan berdinak izan dira?
Maiatza beti gure hilabetea da. Eta aurten, gainera, jendea itxialditik atera zen. Baina esan daiteke maiatza beti bezalakoa izan zela. Gainontzeko hilabeteetan, ohikoa baino altuago mantendu da. Adibidez, iraila oso hilabete lasaia izaten da. Aurten, berriz, oso hilabete ona izan da.
Zergatik uste duzu gertatu dela igoera hori?
Loreek poztasuna eta zoriontasuna ematen dute. Gainera, etxean denbora gehiago pasatzen dugu, eta, horri esker, landareei arreta handiagoa ipintzen diezu. Gomendioa denez etxean geratzeko, bada, goazen landareak landatzera.
Zer erosten dugu?
Denetarik. Lore gehiago oparitzen dira, eta barneko zein kanpoko landareak saltzen dira. Jendea askotariko helburuekin sartzen da dendara. Esaterako, euren burua animatzeko loreak erosten dituztenak badira. Beste asko, balkoirako landare baten bila, tarte bat dutelako. Eta etengabe.
Zuretzat, zer esan nahi dute loreek?
Nire parte dira. Nire ogibidea eta zaletasuna dira, baita nire pozen iturri nagusia ere. Oso zoriontsu egiten naute loreek. Landatzeak eta hazten ikusteak izugarri pozten nau. Benetan diot. Loreek sentiarazten dutena ikerketa ugaritan aztertu dute. Sektoreari lotutako marketing ikastaro bat egin nuen garai batean, eta mahai gainean jarri zuten gaietako bat zen: zergatik jendeak hainbeste diru gastatzen zuen loreetan, kontuan izanda zein gutxi irauten duten. Izan ere, dirua gastatu eta handik astebetera zakarrontzira bota behar dituzu. Adibidez, 40 euroko lore sorta oparitzea ohikoa da, eta diru asko da hori segituan zakarrontzian amaituko duen zerbaitentzat. Baina hala ere, egun hauetan, izugarrizko dirutza mugitzen da Donostian loreei lotuta. Jendeak loreak oparitzen ditu eta dirua uzten du horretan. Guztiaren ondorioa izan zen, zuk loreak eta landareak erosi eta oparitzen duzunean, zoriontasuna erosi eta oparitzen duzula, bizitza poztea. Bestela, zein zentzu edukiko luke honek guztiak? Horregatik da. Lagun egiten digute bizitzan.