Olatz Salvador eta Lide Hernando donostiarrek hartu dute Musikariren zuzendaritza, beste bost emakumerekin batera
Musikarik zuzendaritza talde berria osatu du, eta zazpi emakume arituko dira hartan. Tartean, Olatz Salvador —orain arte diruzaina, eta hemendik aurrera, bozeramailea— eta Lide Hernando donostiarrak dira, eta taldea Izaro Andres, Eneritz Dueso —lehendakaria—, Garazi Esnaola, Idoia Hernandez, eta Miren Narbaiza osatzen dute.
Atzo egindako aurkezpenean nabarmendu zuten “mugimenduan jartzeko arrazoiak soberan zituztela”, eta pandemiak “oso agerian” utzi dituela musikarien arazoak eta sektoreari lotutako krisia. Hori dela eta, datozen asteetan Musika Sektorea Berreraikitzeko Plana aurkeztuko dute, eta hiru helburu izango ditu: musikarien jarduna babestea, musikarien egoera ekonomikoa hobetzea eta musikak duen balioa nabarmentzea. Salvadorren hitzetan, “kulturak duen balioa aldarrikatu nahi dugu, lehen mailako behartzat jo dadin. Kultura babestu nahi dugu”. Plana Musikari Profesionalen Batasunetik etorri da. Hain zuzen, federazio hori Espainiako estatuko hamalau elkartek —Musikari horien artean— maiatzean sortu zuten, euren artean aliantzak bilatzeko asmoz.
Beste lanak eta laguntza lortzeko zailtasunak
Prentsaurrekoan zuzendaritza berriko lau kidek soilik hartu zuten parte, besteak beste, gainontzeko hiruak euren “beste lanetan” aritu behar zutelako. Sektoreak duen arazo handienetako bat hori dela nabarmendu dute. Horrez gain, diru laguntzak jasotzeko zailtasunak dituzte askok, eta Eusko Jaurlaritzak emandako azkeneko laguntzak jarri dituzte adibide bezala. “Diru laguntzak eskatzen zuen musikaria 90 egunez kontratatua izatea. Jakin nahiko nuke zein musikarik onartu dezakeen hori. Euskadiko Orkestrako kidea bazara, udal banda batekoa, bai… Baina bere proiektu propioa duen zein musikarik?”