"'Hil aurretik...' esaldia aurrean dugunean, batzuetan ez dakigu zer erantzun"
Donostia Lagunkoiak, Bidegin Gipuzkoako doluari eta gaixotasun larri aurreratuari laguntzeko zerbitzuak eta Donostiako Udaleko Osasuna Sustatzeko atalak horma bat jarri dute Blas de Otero plazan heriotzaz eta honi lotutako prozesuez hausnartzen laguntzeko.
Egiako Blas de Otero plazan horma bat dago gaur goizetik. Han idatzitako esaldi nagusia urrutitik ere irakur daiteke: “Hil aurretik…”. Hormak eta esaldiak handik igaro diren oinezkoen arreta bereganatu du. Gehiengoa, panelari begira geratu da. Gutxi batzuk, gela bota, han zegoen tiza bat hartu, eta euren hausnarketak idatzi nahi izan dituzte. Izan ere, horretarako ere baitago horma hori. Hil aurretik zer egin nahi dugun idazteko. “Kuriositatea piztea, pentsaraztea, kontzientziatzea, partekatzea… bilatzen du. Bakoitzari berea mugituko dio. Agian baten batek probokazio bat dela interpretatu dezake, bizi dugun garaia dela eta. Baina ezta gutxiago ere”, kontatu du Itsaso Rodriguez Bidegin Gipuzkoako doluari eta gaixotasun larri aurreratuari laguntzeko zerbitzuko kideak. Eurak, Donostia Lagunkoiak, eta Donostiako Udaleko Osasuna Sustatzeko atalak antolatu dute egitasmo hau. “Hil aurretik… esaldia aurrean dugunean, batzuetan ez dakigu zer erantzun. Edo baliteke gauza asko etortzea, edo gauza bakar bat. Hormak, nolabait, planteamendu hori plazaratu nahi du. Nahiz eta gero muralean ezer idatzi, esaldia ikusita bakarrik, pentsatzen joan zaitezke. Beraz, hausnartzeko modu bat da. Azkenean, heriotza bizitzaren parte da, eta bizitzak sorpresa handiak ditu”, gehitu du.
Halako hormak ez dira berriak. Lehenengoa Candy Chang artistak sortu zuen New Orleansen 2011. urtean, eta une honetan 5.000 horma baino gehiago daude, 78 herrialdetan sakabanatuta eta 35 hizkuntzatan idatzita. Hain zuzen, denak Changek bultzatutako Before I die proiektuaren parte dira.
Donostiako hormak, zehazki, Espainia mailan egingo duten Heriotzari Bizia Ematen I. festibala inauguratu du, beste hainbat hiri eta herritako hormekin batera. Izan ere, Donostiak parte hartuko du jaialdi horretan, gaur hasi eta azaroaren 7an amaituko dena. “Helburua da heriotza eta heriotzari lotutako prozesuak ezagutzera ematea, horiei buruz hitz egitea edo naturaltasunez lantzea”, azaldu du Rodriguezek. Online hitzaldiak, hilerri eta beilatokietara bisitak, eta bestelako jarduerak izango dira astean zehar, nahiz eta COVID-19ak sortutako egoera dela eta hainbat jarduera bertan behera utzi dituzten. Donostian, zehazki, Heriotzari aurre egitea pandemia garaian hitzaldia egingo dute bihar, 19:00etan, Udaletxeko Areto nagusian, baina hura ere streaming bitartez jarraitu ahal izango da Dando vida a la Muerte youtubeko kanalean.
Hormari dagokionez, azaroaren 7ra arte izango da Egiako plazan. Ondoren zer gertatuko den, ez dute zehaztu. “Pentsatzen dut guk gordeko dugula”, adierazi du Rodriguezek.
Pandemia eta dolu prozesuak
Pandemia dela eta sortutako egoerak, dolu prozesuetan ere eragin du. “Moldaketa prozesua izaten ari da guretzat. Gainera, gure zerbitzua oso garrantzitsua dela konturatu gara”, azpimarratu du Rodriguezek. Itxialdian zehar, zerbitzuarekin aurrera jarraitzen saiatu ziren online saioen bitartez. “Zurekin izeneko plataforma sortu dugu, laguntza talde irekiekin. Ez zen talde terapia saio bat, baina bai laguntza talde bat”, esan du Rodriguezek. Hala ere, pandemiak aurrera egiten badu, aldaketak etor daitezke berriro. “Agian, zerbitzu hau berriro ere martxan jarriko dugu”.
Edozein kasutan, konfinamendu hasieran baino, ondoren jaso dituzte kasu berri gehienak. “Gainezka ikusi gara, baina ahal heinean gure lana egiten jarraitzen dugu”, aipatu du Rodriguezek.