Igeldoko hilerria lorez bete da, Santu Guztien Eguna dela eta
Landareez gain, jostailuzko kotxe txikiak, aingurak, esaldiak... Askotariko gauzak ikus zitezkeen 1896an eraikitako hilerri txiki honetan.
Koronabirusak dena desberdin egitera behartu du jendea aurten, eta Santu Guztien Eguna ere ez da gutxiago izan. Donostiako Udalak hilerrietara sartzeko eta segurtasuna bermatzeko neurriak iragarri zituen, baita hilerrietako sarreran jarri ere, eta ahal heinean hilerrietara azaroaren 1a baino lehenago gerturatzeko eskaera luzatu zuen. Igeldoko bizilagunek horri kasu egin diotela dirudi. Goizeko 9:30etan hilerrian hiru pertsona besterik ez zeuden, eta hilerria, berriz, lorez beteta nonahi.
1896an eraiki zuten hilerri txiki honetara gerturatu da IRUTXULOKO HITZA, eta irudi galeria bat osatu du. Hilobi eta loreak dira protagonista, baina baita han topatutako esaldi eta bestelako bitxikeriaren bat.