Noraino joan zaitezke Donostiatik?
2017. urtean Batix Ezeiza argazkilariak argazki erreportaje bat argitaratu zuen IRUTXULOKO HITZAn, eta “udalerriaren muga ofizialak” argazkien bitartez aztertu zituen. Egun ere, Igeldoko eta Altzako aldarrikapenek pil-pilean badiraute ere, muga ofizial horiek ez dira mugitu oraindik. Eta nork esango zukeen Donostiako mugek —eta udalerri mugakideek— hainbesteko garrantzia izango zutela hiritarren mugikortasunean soilik hiru urte beranduago.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak duela ia astebete ezarri zituen neurriek, ondorengoa jasotzen dute: “mugatu egiten da bizilekua finkatuta duten udalerriko mugarte bakoitzeko pertsonen sarrera eta irteera,[…], eta mugakide diren udalerrien arteko mugikortasuna baimentzeari kalterik egin gabe, ohiko igarobidean, banakako gizarte-, ekonomia- eta kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egiteko”. Bestela esanda, ezin da Donostiatik atera, ez bada osasun zentrora, ikaskuntza zentrora, lan egitera, edo kontu judizialen bat egitera joateko, edo norbait zaintzeko. Herri mugakideetara joateko mugak, berriz, txikiagoak dira: besteak beste, kontzertu bat ikustera edo zinemara joateko aukera dago, sarrera erakutsita; kirola egitera joateko aukera dago.
Beraz, hirian mugitzeak zer esan nahi du? Toki hauetako edozeinetara joan gaitezkeela, bakoitzak eskaintzen dituen berezitasunekin, inolako beste udalerririk ukitu gabe: Añorga, Ibaeta, Antigua, Igeldo, Erdialdea, Parte Zaharra, Gros, Ulia, Bidebieta, Altza, Herrera, Larratxo, Intxaurrondo Hegoa eta Ipar Intxaurrondo, Egia, Amara, Amara Berri, Loiolako Erribera, Loiola, Txomiñenea, Martutene, Miramon, Aiete eta Morlans. Hala ere, lau barrendegi ere ditu Donostiak: Zubieta —Usurbil eta Lasarte artean—, Landarbaso —Hernani eta Orereta artean—, Urdaburu —Ereñozutik gora— eta Artikutza —Goizuetako lurretan badago ere—.
Udalerri mugakideak
Aipatu bezala, hainbat salbuespenetan herri mugakideetara joateko aukera ere badago. Donostiak hainbatekin egiten du muga, barrendegiak kontuan hartu gabe: Orio, Usurbil, Lasarte-Oria, Hernani, Astigarraga, Trintxerpe, Pasai Antxo, eta Orereta. Barrendegiak ere kontuan hartzen baditugu, beste herri bat gehituko diogu listari: Zizurkil —Zubietak honekin muga baitu—. Ander Izagirre kazetariak honi buruz hitz egin zuen Twitterren asteartean, eta partekatutako mapan muga guztiak ikus daitezke.
Hala ere, mugikortasunaren ikuspuntutik, zer da udalerri mugakidea? Ertzaintzaren dokumentuetan jasotzen denez, “bizileku-udalerriaren ondoko udalerria da, eta bertara zuzenean sartzen da mugakideak ez diren beste udalerri batzuetatik igaro gabe”. Alegia, nahiz eta bi udalerri geografikoki mugakideak izan, horrek ez du esan nahi mugikortasunaren ikuspuntutik mugakideak direnik beti. Dena den, dokumentuak jasotzen duena kontuan izanda, uler daiteke Donostiaren kasuan aipatutako udalerri guztiak mugakideak direla, bai geografikoki, bai mugikortasunari dagokionez. Izan ere, ez baita mugakidea ez den udalerri bat igaro behar mugakidea baden udalerri batera joateko.
Ibilbide batzuk
Edozein kasutan, kirola aire librean egiteko aukera ugari eskaintzen ditu hiriak, hiru hondartzetako ibilbideaz, Pasealeku Berriaz, Urgullez edo ohiko parkeez harago. Zehazki, 140 kilometro ditu oinez edo bizikletaz egiteko, balizaz seinalaturiko zirkuituetan. Herri mugakideetara joateko planak ere ez dira gutxi. Segur aski, ezagunenak hiru dira: Uliatik Pasaiara doan ibilbidea, Nafarroa etorbideko gasolindegian hasten dena gutxi gora behera, eta Kostako Done Jakue bidearen zati bat; Igeldotik Oriora, luzeagoa, Done Jakue bidearen beste zati bat; eta Urumea ibaiaren ertzetik ia-ia Astigarragara iristen den bidea, hiruetan lauena. Beste aukera batzuk: Usurbilera oinez Igaratik hasita, Ibaetako kanpinaren bidetik, edo Igeldotik hasita. Lasarte-Oriara ere badago bidea, errepide ondotik dihoana.