Donostiak 100.000 biztanleko 700 kasu positiboen langa gainditu du asteburuan
Ostiralean 127 koronabirus kasu atzeman ziren, larunbatean 141 eta atzo 99. Hiriko osasun eremu guztiak 'gune gorriak' dira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak asteburuko datuak iragarri berri ditu, eta Donostiako koronabirus kasu kopuruak gora jarraitzen du. Ostiralean 127 kasu berri atzeman ziren, larunbatean 141 eta atzo, igandea, 99. Ondorioz, azken hamalau egunetako hiriko intzidentzia metatua 752,54koa da. Ostegunean —orain arteko azkeneko datua— 659,5koa zen.
Itzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona berri gaixotu diren azkeneko 14 egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran, eta birusa zein abiaduratan zabaltzen den erakusten du. Zifra hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.
Kutsatze intzidentzia osasun eremuka
Asteburuaz geroztik, hiriko osasun eremu guztiak gune gorriak dira. Jarraian, bakoitzeko intzidentzia metatua ikus daiteke:
- Intxaurrondo: 867,98
- Gros: 865,71
- Egia: 796,52
- Bidebieta: 745,75
- Ondarreta: 727,12
- Amara Berri: 620,52
- Loiola: 603,34
- Altza-Roteta: 595
- Parte Zaharra: 550,76
- Amara-Erdialdea: 548,92
Atzo atzemandako positibo berri kopuruari dagokionez, jarraian ikus daiteke zifra:
- Gros: 23
- Ondarreta: 23
- Amara Berri: 14
- Intxaurrondo: 11
- Egia: 8
- Altza-Roteta: 5
- Amara-Erdialdea: 5
- Parte Zaharra: 4
- Bidebieta: 3
- Loiola: 3