Logo berri baten bila dabiltza Txantxarreka gaztetxean

Antiguako Txantxarreka gaztetxeak 7 urte bete ditu, eta urteurrenaren harira, gaztetxearen logo berri bat hautatzeko marrazki lehiaketa antolatu dute. Parte hartu nahi dutenek, gaztetxea beraientzako zer den irudikatu beharko dute marrazki batean, eta txantxarrekagaztetxea@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko dute, hilaren 15a baino lehen. Ondoren, jasotako marrazkiak sare sozialetan binaka partekatzen joango dira, jendeak gehien gustatzen zaizkionak bozkatzeko; horrela, irabazlea hautatu arte. Logo irabazlearekin kamisetak eta poltsak egingo dituztela azaldu dute gaztetxeko kideek.