Santa Klarako itsasargiaren lanek 4 milioi euroko langa gainditu dute
Donostiako Udal Gobernuak bihar onartuko du Santa Klara itsasargiko lanen kontratuaren bigarren aldaketa. Obraren kostua %11 garestitzea adostu eta lanak egiteko epea hilaren 27ra arte luzatuko dute. Orain arteko kostua 3,7 milioi eurokoa zen, eta garestitze berri honekin 4,3 milioi eurokoa izango da.
Itsasargia berritzeko lanen aurrekontua da handituko dutena. Hain zuzen, Cristina Iglesiasen eskultura eraikin barruan kokatzeko egiten ari diren obra da. Urtarrilean adjudikatu zizkioten lanak Moyua eraikuntza enpresari 1,46 milioi eurogatik, eta sei hilabeteko epearekin. Ordea, lanak bertan behera utzi zituzten udan uharteko bisitariei eragozpenik ez sortzeko. Horrek kontratuaren lehen moldaketa ekarri zuen, %3,28-ko garestitzea, asteburutan ere lan egin zezaten.
Bigarren aldaketarekin 160.000 euro garestituko dira lanak, eta, guztira, 1,67 milioi eurokoa izango da lanen kostua. Epeari dagokionez, esan bezala, Moyuak obra hilaren 27rako bukatu beharko du. Lan hauen bidez itsasargiaren hormak egonkortu, estalki zeharrargi bat eta eguzki panelak jarri, eta pasabide bat eraikiko dute barruko hormei itsasita egongo dena. Aurrez, Moyua arduratu zen itsasargiaren husteaz, 560.000 euroren truke.
Santa Klara irlan egin beharreko lanez gain, Iglesiasen eskulturaren aurrekontua aintzat hartu behar da. Alfa Arte enpresak egin du eta 1,3 milioi euroko kostua izan du.