Har dezaket autoa herri mugakide batera joateko mendian ibiltzera?
Whatsapp talde askotako eztaibaida izan da asteburuan. Batzuk baietz zioten: autoa hartu genezakeela, herri mugakide batean utzi eta handik mendira joan edo “kirola aire librean” egin. Beste batzuk, ezetz: autorik ezin zela hartu horretarako, eta soilik Donostiatik oinez edo bizikletaz joan gintezkeela herri mugakidera kirola egitera. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako buletinean ere ez zegoen argi nork zuen arrazoia. Baina, azkenean, erantzuna atera da.
Euskal Mendizaleen Federazioak euren sareetan argitaratu duenez, galdera luzatu zioten Ertzaintzari joan den asteazkenean eta erantzuna igandean jaso zuten: ez, ezin da autoa hartu herri mugakide batera joateko mendian ibiltzera. Alegia, aukera dago mendian kirola egiteko, bai gure bizitoki den udalerrian, baita herri mugakidean ere, baina horretarako oinez edo bizikletaz joan beharko da hara.
Hala ere, herri mugakide bateko kiroldegian izena eman badugu, aukera izango dugu hara joateko, kirol jarduera egitera.