Intxaurrondoko historia ezagutzeko argazki erakusketa, ostiraletik aurrera ikusgai
Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak (IZBE) eta Altzako Historia Mintegiak Intxaurrondo: ibilaldi bat iraganetik argazki erakusketa inauguratuko dute ostiralean, hilaren 6an, Garberan. 26 panel izango ditu erakusketak, eta azaroaren 21era arte izango da ikusgai.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Intxaurrondok, “Altzako gainontzeko auzoek bezala”, XX. mendeko bigarren erdialdetik aurrera izan duen bilakaera urbanistiko handia argazkien bidez erakustea da erakusketaren helburu nagusia. Bestalde, auzoko komunitatean modu boluntarioan egiten den lanari aitortza egitea ere badu xede egitasmoak: “Horren adibide ugari dauzkagu, izan ere, auzoko jaiak edo kirol eta kultur ekintza asko auzokoen ahaleginei esker burutu ahal izan dira”, azaldu dute antolatzaileek.
Era berean, “memorian galtzeko zorian dauden hainbat irudi eta historia” ezagutarazteko helburua ere badu erakusketak, hala nola, tranbia, lantegi zaharrak, eskolak, sagardotegiak eta Donostiak Altza herria bereganatu zueneko ekitaldia. Horretaz gain, auzoko emakumeek etxean, lantegietan eta sagardotegietan egiten zuten lanari keinu bat egin diote. Erakusketaren bitartez, auzoko eta inguruko historia errepasatu edo ezagutu ahal izango dute bisitariek: “Gu hunkitu gaituen memoriatik egindako ibilaldi xume eta laburra izan da, guztion gozamenerako izatea espero duguna”, nabarmendu dute antolatzaileek.