Intxaurrondoko Zarategi pasealekuan 54 etxebizitza berri eraikiko dituzte
Donostiako Udalak behin betiko onartu du Intxaurrondoko El Pilar hirigintza proiektua. Pilarreko Ama osasun zentroa zenaren lursailean, Zarategi pasealekuan, 54 etxebizitza berri eraikiko dituzte. Erdiak babes ofizialekoak izango direla azpimarratu du udalak.
Proiektu honek inguru horretan beharrezkoak diren urbanizazio obrak ere aurreikusten ditu, eta horien onura izango dute etxebizitza berriek eta Zarategi pasealekuan daudenek. Horrela, Zarategi pasealekuko espaloia berrituko da, egungo autobus geltokian markesina bat jarriko da, eta Zarategin zazpi aparkaleku egingo dira, eta Marrutxipin beste hamar. Gainera, klinikako aparkaleku zaharra oinezkoentzako lorategia izango da.