27 industrialdeko sarbide berriaren proiektua berrabiarazi dute
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Batzordeak Donostiako 27 Industrialdeko sarbide berriaren proiektua berrartu du, GI-2132 errepidea, Astigarraga parean, Martuteneko 27 Industrialdearekin lotzeko kontratazio espedientea onartu baitzuen asteartean. Proiektua otsailean onartu zuen aldundiak, baina pandemia dela eta, orain arte atzeratu da. Oinarrizko aurrekontua 6.709.300,98 eurokoa da (%21eko BEZ barne), eta lanak egiteko hamar hilabeteko epea ezarri dute.
27 Industrialdean enpresa ugari daude, eta GI-40 errepidetik sarbide bakarra duenez, egunero trafiko eta ibilgailu pilaketa handiak izaten dira. Horretaz gain, ospitaleetatik igotzen eta jaisten diren ibilgailuak eta AP-8 errepidea hartu behar duten edo handik datozen ibilgailuak ere industrialdetik pasatzen dira, hango zirkulazioa areagotuz.
Horregatik, Eider Mendoza Foru Bozeramaileak azaldu du proiektuak zona horretako zirkulazioa arinduko duela. Hain justu, proiektuak lotura erdi bat egitea proposatzen du GI-2132 errepidearen 7,200 kilometro puntuaren parean, Astigarragako Bidebitarte biribilgunetik industrialdera, eta industrialdetik biribilgune horretarako mugimenduak ahalbidetzeko. Horrela, gaitasun handiko sareko sarbidea ahalbidetzen da. “Bide berri bat sortuko da lotura erditik, zeinak Petritegiko bidea gurutzatuko duen; ondoren, Astigarragako Galtzaur auzoa eta Antondegi gaina inguratuko ditu; eta, azkenik, 27 poligonoko Ubarburu pasealekuari lotuko zaio”, adierazi du Mendozak.