Donostitruk azoka lehen aldiz Grosen egingo dute
Larunbatean, azaroaren 7an, Donostiatruk bigarren eskuko azoka izango da Grosen. Zehazki, Katalunia plazan egingo dute, 10:00etatik 14:00etara.
Larunbateko azoka auzo honetan egiten den lehen Donostiatruk izango da. Izan ere, Amarako Easo plazan egin ohi da, baina Donostiako Udalak aurten erabaki du auzoz auzo egingo dela. Altzako lehen edizioa duela bi asteburu egin zuten, eta, ondo bidean, azaroaren 14an Intxaurrondoko lehena egingo dute. Aipatutako auzoez gain, Antiguak ere izango du azoka hau.
Ohikoa den bezala, bigarren eskuko arropa, jostailuak, liburuak, eta abar, erosi ahalko dira postuetan. Hala ere, koronabirusa dela eta, segurtasun neurri batzuk errespetatu beharko dira. Besteak beste, postu gutxiago izango dira eta ezingo da arropa probatu ezta objektuak erosi aurretik ukitu ere. Era berean, erositako objektuak bigarren eskukoak izanik, desinfektatu egin edo berrogeialdian utzi beharko dira.