"Dracularekin hartuko nuke ardo bat"
Mikel Pagadik saio berezia egingo du gaur 31. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean: 'BeldurTED'. Viktoria Eugenia Antzokiko klubean, 20.00etan. Sarrerak agortu egin dira.
Mikel Pagadi, gidoilaria eta telebista aurkezlea. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean parte hartuko du Mikel Pagadi gidoilari eta telebista aurkezleak. TED hitzaldi moduko bat egingo du, generoko zinemaren topikoen eta askotariko misterioen inguruan: zergatik zonbien filmetan ez dira inoz lehenengoan martxan jartzen? Ze kristo esaten dio Bill Murrayk Scarlett Johanssoni ‘Lost in Traslation’ filmaren bukaeran?
Saio berezia aitzaki hartuta, beldurrezko zinemaz, ikaraz eta donostiarren fobiei buruzko galdetegi bat bidali diogu.
Donostiako zein tokik ematen dizu ikara gehien?
San Martineko Zarak merkealdian.
Donostiarren fobiarik handiena?
Probintziakoak pisurik onenen jabeak izatea.
Eta argitu gabeko misteriorik handiena?
Miramarreko tuneleko margoen esanahi sekretua.
Donostian girotutako beldurrezko istorio bat idatzi beharko bazenu…?
Marmotaren eguna danborradarekin; metroko obrek lo zegoen Kaiju bat esnatzen dute;
Aste Nagusiko su artifizial batek alde egin eta Ipar Korean egiten du eztanda; Tabakaleran
blockbusterrak proiektatzen hasten dira; ingelesen hilerrian hildakoak altxa eta gaita joaz jaisten dira Parte Zaharrera… Milaka istorio!
Beldurrezko film bat ikusteko konpainiarik onena?
Kuxin bat, aurpegia tapatzeko.
Norekin hartuko zenuke ardo bat?
Dracularekin, sekula ardorik edaten ez duenez, nik edango nuke dena.
Zein da oroitzen duzun momenturik beldurgarriena?
Amari, nahi gabe, Whatsapp bidez, beste pertsona bati bidali behar nion argazki bat bidali nionekoa.
Amesgaiztorik handiena?
The Sopranos telesaila osoa denbora gutxian ikusi nuen; ondorioz, gau askotan amesten nuen hildako bat neramala autoaren maletategian.
Fobiaren bat?
Bizilagunen zulagailua igande goizean. Nire barrutik okerrena ateratzen dute.
Beldurrezko generoan gehien gorrotatzen duzun topikoa.
Aktore taldea banatzen denean sotoan zer dagoen ikusteko.
Mundua pikutara doa… Apokalipsi zoragarriena, zein?
Futurama-ko ‘muerte por kiki’ (txortan hiltzea).
Beldurrezko eszenarik onena?
The Exorcist III (William Peter Blatty, 1990) filmeko bat: pasilloa, erizaina eta labana daraman espektroaren sekuentzia.
Noren ispiritua agertzea gustatuko litzaizuke?
Edozeinena. Ghostbusters-eko Proton Pack motxila badaukat.
Beldurrezko filmik gustukoena?
Zabaltegiko edozein.
Halloween gauerako mozorrorik onena?
Egunak nahasten dituen Olentzerorena.
Eta beldurrezko kondaira gogokoena?
Twiterren nik asmatzen ditudanak.
Zein da beldur gehien ematen dizun pertsonaia?
Edan ondoren bertsoak belarrira kantatzen dituen edozein.
Zure emanaldian norbaitek ‘Josemi, zergatik?’ oihukatzen badu…
Kontuak Josemiri [Josemi Beltrani, Beldurrezko Astearen zuzendariari] eskatu, bera da erruduna. Nik agindutakoa egin dut soilik.
Begoña del Teso eskopeta bat arrastaka daramala atera izan da Beldurrezko Astean pelikulen aurkezpenak egitera. Hori baino gauza beldurgarriagorik bada?
Begoña pertsona maitagarria da. Beldurrezko astera joaten den publikoa kontutan hartuta, eskopeta bat ez zait hainbesterako iruditzen. Taser eta Uzi batekin hurrengoan.
BeldurTED ikustera joan ondoren amesgaiztorik izango al dute ikusleek?
Bai, Pagadi azalduko zaie ametsetan ASTIRO hitzegiten.
