Herritarrak Infernura joatera deitu dituzte, ustez beste polizia operazio bat izango delako
Ibaetako Infernua auzuneko bizilagunek iragarri dute arratsaldean han bizi direnak kaleratzeko polizia operazioa izango dela; horregatik, jendea Infernua babestera deitu dute. Azaldu dutenez, gaurko, asteazkeneko, 15:00ak eta 18:00ak artean joango da polizia, beraz, jendea 15:00etatik aurrera Infernura joateko eskatu dute: “Zuen elkartasuna behar dugu”, nabarmendu dute.
Azken hilabeteotan hainbat polizia operazio egin dituzte Infernuan, eta bizilagunek erakundeen “kriminalizazioa” eta poliziaren “jarrera arrazista” salatu dituzte hainbat aldiz, baita operazioen atzean “udalaren interesak” daudela nabarmendu ere. Azken operazioetako lehenengoa Irailan izan zen, eta operazioaren ondorengo egunetan manifestazio jendetsua egin zuten Infernutik Bulebarrera. Horren harira, Infernuko hainbat bizilagunekin hitz egin zuen hedabide honek, eta euren egoeraren berri eman zuen erreportaje batean.