Martuteneko kartzela 2023an itxiko dutela adierazi du Fernando Grande-Marlaskak
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne Ministroak adierazi du Martuteneko kartzela 2023an ixteko asmoa dutela, Zubietako Norte 3 espetxe berria eraikitzen dutenean. Maribel Vaquero jeltzaleak Espainiako Senatuan galdetuta hitz egin du Grande-Marlaskak Donostiako kartzelari buruz Donostiako Udala kartzela eraisteko zain baitago, Txomiñeneko hirigintza planeko bigarren faseari ekiteko.
Ministroak gogoratu du Norte 3 kartzelak 41 milioi euroko kostua izango duela eta hainbat aurrerapen teknologikoz gain, 232 ziega bikoitz izango dituela. Grande-Marlaskaren arabera, Zubietako espetxe berriaren proiektua hilabete honetan onartuko dute, eta lanak 2021eko bigarren hiruhilekoan hasiko dira, lehiaketa publikoan adjudikatu ondoren. Lanak bukatzeko epea 22 hilabetekoa izango da, beraz, 2023an bukatuko dute Norte 3 kartzela, eta orduan hasiko dira Martutenekoa botatzen.
Espainiako Gobernuak 2011. urtean sinatu zuen Zubietako kartzela berria eraikitzeko hitzarmena Donostiako Udalarekin, baina EAJ-ko senatariak salatu duenez, gobernuak ordutik eman dituen epe guztiak ez dituela bete. Horregatik, hartutako konpromisoak betetzera deitu du Espainiako Gobernua, baita Martuteneko kartzelak uholde arriskua eta hezetasun arazoak dituela nabarmendu ere.
Txomiñeneko etxebizitzak
Vaquerok ministroaren aurrean azaldu du Txomiñeneko hirigintza planaren 800 etxebizitza baino gehiagoko lehenengo fasea garatuta dagoela, baina bigarrena garatu ahal izateko, 300 etxebizitza ingurukoa, Martuteneko espetxea botatzea ezinbestekoa dela azpimarratu du.
Kuartelak
Azken asteotan senatuan Donostiari buruz hitz egiten duten bigarren aldia da. Izan ere, Luke Uribe-Etxebarria senatari jeltzaleak udalak Loiolako kuartelak berreskuratzeko eskaera berretsi zuen joan den astean, inguru horretako hirigintza plana garatu ahal izateko.