Osasungintza publiko duina aldarrikatu dute Donostian
Pandemiaren eta lehen arretako osasun zentroen egoera ikusita, elkarretaratzeak egin dituzte asteazken arratsaldean Donostiako hainbat auzotan, osasungintza publiko baten alde. Egian, esaterako, 30 bat lagun elkartu dira anbulatorioaren aurrean, eta segurtasun distantziak mantenduta, protesta egin dute. Parte Zaharrean, Altzan eta Amara Berrin ere elkarretaratzeak egitekoak ziren.
Lehen arretan baliabide gehiago jartzeko, gutxienez BPG-aren %7 osasungintzan inbertitzea eta murrizketa eta pribatizaziorik ez egitea izan dira manifestarien aldarrikapen nagusiak. Horregatik, bihar, hilak 5, Osakidetzako grebarekin bat egingo dute, eta elkarretaratzea egingo dute Bulebarrean, 19:00etan.