Ostegun goizean goiz Infernua babestera deitu dute, kaleratze arriskua dela eta
Ertzaintza Ibaetako Infernua auzunean izan da gaur 21:30etik aurrera, eta pabiloiak utzarazteko arriskuaren aurrean, bizilagunak mobilizatzen hasi dira. Azaldu dutenez, ertzainek esan diete auzuneko “kaleak garbitzera” joan direla, eta kaleratzea bihar goizean, ostegunean, izango dela, epailea aginduarekin joan ondoren. Horregatik, bizilagunek bihar 06:00etan Infernura joatera deitu dituzte herritarrak, auzunea babesteko. Hasierako urduritasun uneez gain, ez da bestelako istilurik izan. Ertzainak han izan diren bitartean, bizilagunek “Infernua bizirik” eta bestelako aldarrikapenak bota dituzte.
Azken hilabeteotan hainbat polizia operazio egin dituzte Infernuan, eta bizilagunek erakundeen “kriminalizazioa” eta poliziaren “jarrera arrazista” salatu dituzte hainbat aldiz, baita operazioen atzean “udalaren interesak” daudela nabarmendu ere. Azken operazioetako lehenengoa Irailan izan zen, eta operazioaren ondorengo egunetan manifestazio jendetsua egin zuten Infernutik Bulebarrera. Horren harira, Infernuko hainbat bizilagunekin hitz egin zuen hedabide honek, eta euren egoeraren berri eman zuen erreportaje batean.