EAJk salatu du EH Bilduren "koherentzia eza" metroarekin
Donostiako EAJk ohar baten bidez EH Bilduren jarrera kritikatu du, “beste udalerri batentzat inbertsioa dena, hiriarentzat beharrezkoa ez den gastua” delako. Jeltzaleen iritziz, “Topoa” hiriko zein inguruko mugikortasuna hobetzeko proiektua da. Hori dela eta, “harrigarria” iruditzen zaie Donostiako Udaleko EH Bilduren bi zinegotzi ikustea Pasaiako topoaren lurperatzea eskatzeko ekitaldi batean.
“Demagogia egiteari uzteko” eskatu diote EH Bilduri: “Ez da koherentea esatea udalerri batentzat ona dena beste batentzat txarra izatea, errealitatea bestelakoa denean: Topoaren lurperatzea onerako aldaketa izango da hiriaren, bere inguruaren eta lurraldearen mugikortasunean”. Era berean, EAJk EH Bilduren jarrera salatu du metroaren proiektua “politikoki” erabiltzeagatik. “EAJk argi du, azpiegituran egiten diren hobekuntza guztiak ongietorriak direla eta izango direla, eta gure babesa izango dutela. EH Bilduk Pasaian edo Bilbon duen iritzia Donostian duenaren guztiz kontrakoa da, eta hori ulergaitza da”, azpimarratu dute.
Horrez gain, alderdi jeltzaleak nabarmendu du topoaren azpiegiturak hirian hainbat hobekuntza izan dituela Altza, Intxaurrondo, Herrera eta Loiolako proiektuekin, eta gehiago hobetuko dela hurrengo urteetan, igarobidearen proiektuarekin zein Pasaia eta Galtzarabordako loturarekin, eta Loiolako Erriberako aldageltokiarekin.