Eusko Jaurlaritzak ostalaritza ixtea eta mugikortasuna are gehiago mugatzea erabaki du
Larunbatean sartuko dira indarrean neurri berriak. Etxeratze agindua 22:00etara aurreratu, eta kultura jardueretan edukiera %35ekoa izango da, besteak beste.
Koronabirusaren hedapena murrizteko, Eusko Jaurlaritzak neurri zorrotzagoak hartzea erabaki du. Iñigo Urkullu lehendakariak “indarrak batzea” eta “guztion onerako, osasun publikorako, pertsona bakoitzaren onena” jartzea eskatu du. Hala, mugikortasuna eta bizitza soziala ahalik eta gehien murriztea eskatu du, konfinamendu berri bat saihesteko eta “Gabonetara ahalik eta baldintza onenetan iristeko”.
Hona hemen neurriak:
- Gaueko 22:00etatik goizeko 06:00etara pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzea.
- Jarduera sozioekonomikoak 21:00etatik aurrera mugatzea. Merkataritza-establezimendu guztiei eragingo die; farmaziei eta gasolindegiei izan ezik.
- Kultura jardueretan edukiera %35ekoa izango da.
- Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak itxiko dira. Kanpoan geratzen dira hoteletako eta beste ostatu batzuetako jantokiak, egoiliarrei zerbitzua emateko. Jatorduak etxez etxe prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte. Gasolindegietan, osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan, eskola-jantokietan, lantegi eta jantoki sozialetako zerbitzu-guneetan sartzen diren jatetxe-zerbitzuak kanpoan geratzen dira.
- Kultura-jarduera, -ikuskizun edo -ekitaldi oro gaueko 21:00-k baino lehen bukatu beharko dira. Musika- eta ahots-entsegu kolektiboak edo dantza-entsegu kolektiboak, profesionalak ez direnean, bertan behera gelditzen dira.
- Taldeko edozein kirol-jarduera etetea, lehiaketa profesionala edo erdi-profesionala izan ezik. Debekatuta dago kirol-ekitaldietara joatea. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea jarduera fisikoa edo kirola hiri-inguruneetan egiten denean.
- Ikastaroak edo programatutako jarduerak gimnasioetan, kirol klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan egin daitezke; betiere maskararekin egiten badira, gehienez sei laguneko taldeetan eta gehienez %40ko aforoarekin.
- Joko eta apustu etxeak ixtea.
- Gaueko 22:30ak izango dira garraio publikoa lurralde historikotik ateratzeko gehieneko ordutegia. Salbuetsita dago taxia edo gidaria duen ibilgailuaren alokairua.
Lehendakariak esan du gero eta “handiagoa eta kezkagarriagoa” dela birusaren transmisio komunitarioa, eta ospitaletako okupazioa igotzen ari dela. Horren harira, esan du ez dagoela berehalako “kolapsoa” izateko arriskurik, baina “mehatxua” dela. Neurriak “orain” hartzeko beharra azpimarratu du, eta gogorarazi du asintomatiko asko dagoela eta horiek arrisku handia direla kutsatzeak izateko.