'Ilargi guztiak' filma aurkeztu dute Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean
Ilargi guztiak euskarazko filmaren lehen irudiak aurkeztu dituzte gaur Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean. Igor Legarreta zuzendariaren bigarren film luzea da, eta lau protagonista ditu: Haizea Carneros, Itziar Ituño, Zorion Egileor eta Josean Bengoetxea, azken hau donostiarra.
Filma hirugarren Gerra Karlistaren garaian kokatzen da, eta banpiroen historiak eta “heriotzari diogun beldurra” dira honen ardatzak. Hainbat tokitan filmatu dute, hala nola Artikutzan, eta une honetan, postprodukzio lanetan ari dira. Izan ere, pandemiaren ondorioz, martxoan grabazioa eten behar izan zuten, eta ekainean berreskuratu. Urte amaieran ez bada, 2021eko lehen hiruhilekoan estreinatuko dute film osoa, zinema aretoetan.