Infernuko 'Fabrika' pabiloia hustu dute
Ertzainek 'Fabrika' pabiloiko hiru solairuak hustu dituzte, eta bizilagunek salatu dute 50 bat pertsona kalean utzi dituztela.
Goiz osoa han pasa ondoren, Ertzaintzak Infernuko Fabrika pabiloiko hiru solairuak hustu ditu, han bizi ziren 50 pertsona inguru kaleratuz. Hiru pabiloi husten ari zirela esan dute ertzainek hasieran, baina gero argitu dute Fabrika pabiloiko hiru solairuak zirela.
Asteazken arratsaldean Infernuko bizilagunek kaleratuak izango zirelako filtrazioa jaso zuten, eta auzunea babestera deitu zuten. Ertzainak gauean azaldu ziren, eta gaurko polizia operaziorako “kaleak garbitzen” ari zirela esan zieten. Bizilagunen arabera, agente batzuk gau osoan zehar izan dira Infernuaren inguruan, baina 7:00ak aldera hasi dira Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren auto eta furgoneta gehiago iristen, polizia operazioari ekiteko.
Hainbat herritar Infernukoei elkartasuna adieraztera joan dira, baina ertzainek ez diete auzuneko sarreratik pasatzen utzi. Han eman dute goiz osoa, eta polizia operazioa “ilegala” dela salatu dute, ez dietelako aurretik inolako jakinarazpenik helarazi. Ertzainak kaleratze aginduaren zain zeuden, eta 9:00ak aldera heldu da idazkari judiziala aginduarekin. Aurretik, hainbat bizilagunek modu baketsuan errepidea mozteko saiakera egin dute, baina ertzainek gogor jo dute euren aurka, espaloira itzularaziz.
Bizilagunak idazkariarekin hitz egitera joan dira, kaleratzearen nondik norakoak galdetzeko, baina azaldu dutenez, idazkariak ez die inolako informaziorik eman nahi izan: “Ez dakigu zer ari den gertatzen hor barruan, baina bizilagun batzuk zapi zuriarekin atera dira”, adierazi dute.
Kaleratze agindua heldu den unetik aurrera, Fabrika-ko bizilagunak tantaka ateratzen joan dira, eta euren objektu pertsonalak soinean zeramatzaten. Horietako batzuek adierazpenak egin dituzte kazetarien aurrean, eta poliziaren eta gizartearen “arrazismoa” salatu dute –pabiloi horretako gehienak atzerritarrak dira–: “Ez daukat nora joan, soilik jaungoikoak daki zer gertatuko den nirekin“, adierazi du batek. Beste batek gogor jo du Espainiaren eta Donostiaren aurka: “21 urte daramatzat hemen, eta ez diot ezer zor Espainiari. Zergatik egiten duzue hau? Donostia hiri arrazista da”. Bizilagunek azaldu dutenez, Fabrika-n 50 bat lagun bizi ziren, eta egoera ikusita, horietako batzuk atzo gauean joan ziren, baina ez dakite nora joan: “Oso egoera zaurgarrian daude pertsona hauek. Ez dugu ulertzen bizi dugun pandemia egoeran jendea modu honetan kaleratzea”. 12:00ak aldera bukatu dute Fabrika-ko bizilagunen kaleratzea, eta bizilagunek udaletxe aurrera joatera deitu dituzte herritarrak, kaleratu dituzten pertsonentzako irtenbide bat eskatzera.
Operazioari buruz galdetuta, udalak adierazi du ez duela zerikusirik: “Etxebizitza pribatu batzuen etxegabetze agindua da, jabeek hala eskatuta”. EH Bilduko Olaia Duarte eta Ricardo Burutaran atzo gauean Infernura bertaratu ziren, eta gaur goizean ere han izan dira. Udal gobernuaren jarrera salatu dute, bidegabezkoa iruditzen zaielako pandemia egoeran jendea kalean uztea, inolako alternatibarik eskaini gabe: “Udalak dio ez duela eskumenik, eta egia da, baina udalaren eta aldundiaren ardura da zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak artatzea”. Era berean, Elkarrekin Donostiak udal gobernuari eskatu dio kaleratutako pertsonei ostatu emateko. Gogoratu behar da udalak irailean onartu zuela Infernua bizitegi eta zerbitzuen auzo bihurtzeko hirigintza proiektua. Orain arte, ordea, Infernuan 100 bat pertsona bizi ziren; ‘Fabrika’-koak kaleratu ditu Ertzaintzak, baina gainontzekoek hor jarraitzen dute.
IRUTXULOKO HITZAko kazetari Beñat Parrak egin du jarraipena Twitter bidez.
Gaueko abisuaren ondoren, Ertzaintza hemen da, bizilagunak kaleratzeko. Bizilagunak errepidea mozten saiatu dira, baina ertzainek gogor jo dute euren aurka@irutxulo pic.twitter.com/a18dBwvvHP
— Beñat Parra Rguez. (@ParraBenat) November 5, 2020
Gipuzkoako SOS Arrazakeriak elkarteak ohartarazi du bizitoki baterako baliabiaiderik ez duten jende askok hartzen duela hor aterpe, eta pandemia egoera betean haiek babes gabe uzteak bazterkeria egoerak areagotu egiten dituela. Elkarteak gogorarazi du zenbait aldiz joan izan dela Ertzantza han aterpe hartzen zuten pertsonak identifikatzera. Udaltzaingoarekin eta Espainiako Polizarekin elkarlanean egindako kontrol hauek egoera zaurgarrian dauden pertsonak are zaurgarriago bihurtzen dituela salatu du SOS Arrazakeriak-ek, kanporatze prozesurak abiarazteko arriskuan jartzen dituztelako.
Azken hilabeteotan hainbat polizia operazio egin dituzte Infernuan, eta bizilagunek erakundeen “kriminalizazioa” eta poliziaren “jarrera arrazista” salatu dituzte hainbat aldiz, baita operazioen atzean “udalaren interesak” daudela nabarmendu ere. Azken operazioetako lehenengoa Irailan izan zen, eta operazioaren ondorengo egunetan manifestazio jendetsua egin zuten Infernutik Bulebarrera. Horren harira, Infernuko hainbat bizilagunekin hitz egin zuen hedabide honek, eta euren egoeraren berri eman zuen erreportaje batean.