Infernuko polizia operazioa salatzeko elkarretaratzea egin dute udaletxean
Infernua auzuneko polizia operazioaren kontrako protestek egun osoan zehar jarraitu dute. Hainbat herritar Ijentea kalean eserita izan dira arratsaldean zehar, eta Infernua Bizirik mugimenduak elkarretaratzera deitu du 19:00etan. Ordu horretan, jende ugari bildu da udaletxe aurrean, eta 19:15etan, oihuak hasi dira. Besteak beste, “Inor ez da ilegala”, “Okupazioa delitua bada, gora, gora delinkuentzia!” eta “Infernua, bizirik!” mezuak entzun dira.
Izan ere, Ertzaintzak Infernuko Fabrika izeneko pabilioia hustu du, eta 50 pertsona inguru kalean geratu dira. Polizia operazioa goizean goiz hasi da, eta segituan bertaratu dira hiriko hainbat elkarteetako kideak —Harrera Sarea, SOS Arrazakeriak,…– eta zenbait herritar Fabrikako bizilagunei euren babesa erakusteko eta protesta egiteko. Operazioaz galdetuta, Udalak esan du: “Etxebizitza pribatu batzuen etxegabetze agindua da, jabeek hala eskatuta”. Bertaratutako herritarren iritziz, aldiz, operazioa “ilegala” da, ez dietelako aurretik inolako jakinarazpenik helarazi. IRUTXULOKO HITZAk operazioa gertutik jarraitu du. Hedabide honetako kazetari Beñat Parra han izan da eta Twitter bitartez jaso ditu xehetasunak une oro. Gainera bizilekua galdu berri duten bizilagun batzuekin hitz egiteko aukera izan du. Kronika osoa lotura honetan irakur daiteke.