Realak F taldeko liderra hartuko du Anoetan
Garaipen batekin eta porrot batekin hasi zuten Realeko mutilek Europa Liga, eta hirugarren dira F taldeko sailkapenean. Gaur taldeko liderra hartuko dute Anoetan. Herbeeretako AZ Alkmaar-en kontrako partida 18:55ean hasiko da, eta zaleek, oraingoan ere, telebistatik jarraitu beharko dute partida. “Arerio zaila izango dugu aurrean. Bi partidak irabazi ditu. Zelai erditik gora maila ona dute, eta teknikoki ere jokalari onak dituzte”, nabarmendu du Imanol Alguacil entrenatzaileak. Hala ere, gogotsu daude, eta bai Espainiako ligan bai Europa ligan jokatutako partidek konfiantza ematen diote Realari. “Deskantsatzeko denbora izan dugu, eta gogoarekin eta ilusioarekin gaude. Ea nolako partida ateratzen den”, azpimarratu du entrenatzaileak.
Realeko neskak, hirugarren
Bestalde, Madrilen kontrako porrotaren ostean, indartsu itzuli ziren Realeko neskak atzo ligara. 0 eta 4 irabazi zioten Badajozeko Santa Teresa taldeari, eta oso partida ona jokatu zuen Natalia Arroyoren taldeak. Golak Barbarak —penaltiz—, Nuria Mendozak, Leire Bañosek, eta Nahikarik egin zituzten. Lortutako emaitzari esker, hirugarren dira Ligan. Hurrengo partida Granadillaren kontra izango dute.