Altza eta Galtzaraborda arteko topoaren saihesbidearen lanak datorren urtean lizitatuko ditu Eusko Jaurlaritzak
Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak 2021ean egingo du Altza eta Galtzaraborda arteko topoaren trenbide saihesbidea eraikitzeko lizitazioa. Lan horien barruan Pasaiako erdigunean lur azpiko geltoki berri bat eraikiko da.
Gaur goizean, bilera telematikoa egin du Arriolak Izaskun Gomez alkatearekin eta Pedro Marco Garraio sailburuordearekin. Bileran jakinarazi die Euskal Trenbide Sarea trenbide kudeatzailea 2 kilometroko luzera duen tarte berriaren eraikuntza proiektua amaitzen ari dela. “Proiektu hau oso garrantzitsua da Pasaiarako eta Errenteriatik eta Altzatik Donostiara doazen pertsonentzako garraio-zerbitzua hobetzeko. Haren bultzadak erakusten du ez dagoela inolako bateraezintasunik Donostiako topoaren pasabidearen eta Altza-Galtzarabordako saihesbidearen artean, batzuek dioten bezala”, azaldu du Arriolak.
Zerbitzua martxan jarrita, Altza, Pasaia eta Galtzarabordako topoaren erabiltzaileek, gaur egun Herrerako geltokiraino baino eman ezin den 7,5 minutuz behingo maiztasuna izango dute Donostiako erdialderako joan-etorrietan. 2019an, Altza, Pasaia eta Galtzarabordako geltokiek 1,2 milioi erabiltzaile izan zituzten.
Altza (Donostia) eta Galtzaraborda (Errenteria) arteko tartea eraikita, jarraipena ematen zaio trenbide saihesbideari, eta 2016ko irailean topoa Herreratik Altzara eraman zuen trenbide bikoitzeko saihesbidea osatuta geratuko da. Eraikuntza proiektua eguneratzeko lanak bukatu ondoren, aurrekontua eta egikaritze epea zehaztu ahal izango dira, baina egikaritze epea ez da 48 hilabetetik beherakoa izango.
Deskribapen teknikoa
Topoaren tarte hori Donostiatik, Pasaiatik eta Errenteriatik igarotzen da. Herrera eta Altza arteko saihesbideari jarraipena ematen dio eta meategiko tunelean egiten du aurrera Donostia eta Pasaia arteko muga ezartzen duen Eskalantegi kaleraino.
Ondoren, ibilbide berriak Pasaia zeharkatzen du mendebaldetik ekialdera, tunel faltsutik, eta, Pasaiako saihesbidearen eta topoaren egungo trazaduraren azpitik igaro aurretik, meategiko tuneletik jarraitzen du Errenteriako udal-mugartera iritsi arte. Puntu horretan, Parke kalearen parean, orain topoa igarotzen den ibarbidean, diseinatutako trazadura kanpora irteten da, Galtzarabordako geltokiaren hasieran egungo trenbideekin bat egin arte.