Hitzik behar ez zuen artista
Urriaren hasieran, albiste triste batek bete zituen sare sozialak: Pedro Aiestaran ‘Popotxo’ artista donostiarra zendu zen. Ibilbide oparoa izan zuen Orquesta Mondragoneko ‘mutuak’, eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko kartelean ere agertu zen.

Javier Gurrutxagak 14 urte zituen Donostiako kaleetan Pedro Aiestaran ‘Popotxo’ 21 urteko gaztea ezagutu zuenean, eta oraindik ez bazekien ere, bere bizitza betirako aldatuko zuen artista txiki horrek. 1972. urtea zen, eta, handik lau urtera baino ez, 1976an, Orquesta Mondragon talde arrakastatsua sortu zuten hainbat musikarirekin batera, Francisco Franco diktadorea hil eta hilabete gutxira.
Diktadorearen heriotzaren zain zeudela dirudi, agertokiaren gainean Francoren garaian pentsaezinak ziren gauzak egiten baitzituzten hasieratik. Orquesta Mondragon musika eta antzerkia –batzuetan, ia zirkua zen– uztartu zituen lehenengo taldeetako bat izan zen, eta bi ziren bere arrakastaren gakoak: taldeko musikari apartak eta, batez ere, Gurrutxaga eta Popotxo. Lehenengoaren konposizioen hitzak interpretatu egiten zituen bigarrenak, eta kontzertu bakar batean agertokira hainbat mozorrorekin ateratzeko gai zen; hitzik ere esan gabe, ikusleen begiradak erakartzeko eta barre algarak sortzeko gai zen Popotxo, bere dantza eta interpretazioekin. Hain justu, horregatik deitzen zioten Orquesta Mondragoneko ‘mutua’.
Popotxok aurpegia pailazoen antzera margotuta eramaten zuen, eta edozertaz mozorrotzen zen: lodiz, marinelez, emakumez, pailazoz, deabruz eta zerbitzariz, besteak beste. Horretaz gain, askotariko objektuak ateratzen zituen agertokira, abestiaren arabera; Muñeca hinchable abestiarekin, esaterako, panpin puzgarri bat ateratzen zuen, eta denetarik egiten zuen harekin. Gurrutxagaren izaerak, noski, eszenaratzean laguntzen zuen, bere lagunarekin jolasten baitzuen abesten zuen bitartean.
Orquesta Mondragonek arrakasta handia izan zuen Donostian, eta laster egin zen ezaguna hiritik kanpo, Madrilgo movida-n murgildu baitzen. Era berean, Latinoamerikan ere ospe handia eskuratu zuen talde donostiarrak garai hartan. Asko dira taldearen lan arrakastatsuak, hala nola, Muñeca Hinchable (1979), Bon Voyage (1980), Memorias de una vaca (1995), Ellos las prefieren gordas (1987) eta El maquinista de la general (2010).
Orquesta Mondragonen arrakastak zinemaren ateak ireki zizkien Gurrutxagari eta Popotxori, eta Bésame tonta (Fernando Gonzalez Canales, 1982), El pez (La Cuadrilla, 1985), Justino, un asesino de la tercera edad (La Cuadrilla 1994), Matías, juez de línea (La Cuadrilla 1996) eta Atilano, presidente (La Cuadrilla 1998) filmetan parte hartu zuen Aiestaranek.
Beldurrezko Asteko kartela
Gurrutxagak eta Popotxok beti izan zuten freak kutsua euren interpretazioetan. Esaterako, garai batean nanoak kontratatzen zituzten kontzertuetarako, freak show moduko bat osatuz. Bitxikeria gisa, Gurrutxagak hainbat elkarrizketatan kontatu izan du musikariak autobus batean joaten zirela emanaldietara, eta Popotxo, aldiz, nanoekin joaten zela mikrobus batean.
Carlos Plaza Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko komunikazio arduradunaren arabera, izaera bitxi hori izan zen 2013an XXIV. jaialdiko karteleko protagonistak Orquesta Mondragonekoak izateko arrazoietako bat: «Euren berezko nabarmenkeriak gure jaialdiaren izaerarekin bat egiten zuen, beraz, oso aproposak ziren kartelerako. Horretaz gain, donostiarrak ziren, eta The Unknown [Tod Browning, 1927] filmarekiko zaletasuna partekatzen genuen».
Filmaren gaztelaniazko edizioak Garras humanas izenburua du, eta Orquesta Mondragonek izen bereko abesti bat argitaratu zuen 1982an, Bésame, tonta diskoan. Horregatik, Beldurrezko Asteko kartelean Gurrutxagak Lon Chaney aktorearen Alonzo pertsonaiarena egiten du, eta Popotxok, aldiz, Cojo pertsonaiarena, Alonzori ihes egiten laguntzen dion nanoarena, hain zuzen. Plazaren arabera, oso erraza izan zen bikote harekin lan egitea, kartela arratsalde batean egin baitzuten. Era berean, Popotxo maitasun handiz gogoratu du Plazak: «Pertsona zoragarria zen, oso ondo pasatzen zenuen berarekin».
Azken urteak
Orquesta Mondragonek aktiboan jarraitzen badu ere, kontzertu gutxi egiten dituzte dagoeneko, eta osasun arazoak zirela eta, Popotxok ez zuen azken emanaldietan parte hartzerik izan. Hala ere, donostiar gutxi batzuek bikotea zuzenean ikusteko aukera izan zuten 2016ko Aste Nagusian.
Popotxok Bon Voyage esan zuen duela gutxi, eta bera gabe, Orquesta Mondragon ez da inoiz gauza bera izango, baina dagoen lekuan dagoela, ziur dantzan jarraituko duela, bere mututasun horretatik ‘Gora Mondragon!’ oihukatuz.