Inditex enpresaren murrizketak salatu dituzte Stradivarius dendako langileek
Irungo Stradivarius arropa dendaren itxieraren ondoren, Inditex enpresaren murrizketak salatzeko elkarretaratzea egin dute Donostiako Erdialdeko Stradivarius dendako langileek. ELA sindikatuak deitu du elkarretaratzera, Inditexek –Stradivarius Inditex taldearen barruan dago– langileen lan baldintzak bermatzen ez dituela salatzeko. Izan ere, ELA-ren arabera, “Irungo Stradivarius dendaren itxiera lehen urratsa da Inditexek online salmentaren aldeko egin duen hautu estrategikoan”.
Hain zuzen, joan den astean Irungo Stradivarius establezimendua itxiko zutela iragarri zuten, eta sindikatuak salatu zuen Inditex denda txikiak ixteko eta Internet bidezko salmenta sustatzeko egiten ari den kanpainaren baitan itxiko zutela Irungo denda. ELA-ren arabera, horrelako kasuetan itxitako dendako langileei beste lanpostu bat eskaini behar zaie, baina Irungo kasuan, Gipuzkoako lehenean, ez dute halakorik egin. Horregatik, Inditexek lan baldintza duinak bermatzeko konpromisorik ez duela salatu dute.