Klasikoaren aurpegi gaztea
Izebaren etxeko apaletan topatu nintzen lehen aldiz Roald Dahlekin. Mundu berri xelebreetarako ateak irekitzen zituen bere liburu bakoitzak, umeen neurrira sortutako fantasia paregabekoa. Dahlen ipuinek bihurtu ninduten irakurle sutsu eta, nik, gaurdaino, ia-ia buruz gogoratzen ditut bere biografiaren xehetasun guztiak, haren libururen batean noizbait irakurritakoak.
Aste honetan, guztiok barnean daramagun kritikorik zorrotzenaren omenez idazten dut: fantasia egarri den umea. Hala, jauzi egin eta, plop! Dahlen unibertsoan murgildu naiz berriz; bere arloan, idazle mitikoa bezain trebea den Robert Zemeckisen (Forrest Gump, Regreso al futuro) eskutik.
1960ko hamarkada, Alabama. Auto-istripu baten ondorioz umezurtz geratu berri den umetxoa amonarenera doa bizitzera. Handik gutxira, baina, auzoko dendan sorgin batekin egongo dute topo eta, zoritxarra uxatu nahian, Alabamako hotelik panpoxenera egingo dute ihes. Zalditik astora. Kostako hotelean, Sorgin Gorenak eta bere sorgin talde diziplinatuak urteko bilgunea ospatzen ari dira eta, erremediorik gabe, haiekin elkartuko dira amona eta iloba.
“Sorgin” hitza esatean burrunba egiten duten trumoiak, edabe magikoak eta heroia txikiak, maitagarri-ipuinen onena biltzen du filmak. Kolorez beteriko paisaiek, jantziek eta barnekoen dekorazio zainduek bete-betean asmatzen dute fantasiazko ipuinen iruditegia eraikitzeari dagokionez ere.
1990ean Angelica Houston Sorgin Goren bihurtu zuen The Witches (1990) klasikoaren mailan, aurtengo egokitzapenak ikuslea sorgintzea lortu egiten du, haren adina zein den axola gabe. Ez da harritzekoa, izan ere, Guillermo del Toro eta Alfonso Cuarón ezagunak dira sorgin glamourosoen zintaren ekoizpenaren atzean daudenak. Kredituei so egiteko beharrik gabe ere, ugariak dira aurpegi ezagunak filmean: Anne Hathaway bikain dago Sorgin Gorenaren azalean, Octavia Spencer amona maitekorrarenean eta Stanley Tuccik lortu egiten du 1990ko bertsioan Rowan Atkinsonek Mr. Stringerren pertsonaiarekin ezarritako maila altura iristea.
Erritmo zoroan garatzen diren gertakizunak ez dira azken segundura arte guztiz ebazten eta, kontakizuna askorentzat soberan ezaguna bada ere, humore puntu azkarrek eta, orotara, filmak darabilen doinu xarmagarriak beste behin ere lortzen dute klasikoa aire berri freskoaz betetzea. Oso egokia ere, nire aburuz, ipuin originalaren amaiera mantentzearen aldeko apustua egin izan. Dahlen irudimenaren hatsa presente dago eszena bakoitzean, edonork gozatzeko moduko istorio xelebre honetan.
Akelarre, The Craft: Legacy eta The Witches, aste honetan zinema aretoetara gerturatuz gero, sorginen gaiari dagokionez badago non aukeratu. Emakume magikoei aurpegi anitz eman dizkie zinemak… baina, adi! Izan ere, aretotik behin aterata, edozein izan liteke haurrak gorrotatzen dituen benetako sorgin ankerra…
Benetako sorginek arropa arrunta janzten dute eta benetako emakumeen itxura berdintsua dute. Benetako sorginak etxe normaletan bizi dira eta lan normalak dituzte. Horregatik dira harrapatzen hain zailak.
