Lauaizeta ikastolako ikasleek badute zer esana
Pentsamenduak
Beñat Santos, DBH4Cko ikaslea
Etxean 99 egunez konfinatuta egon eta gero, pentsatzeko denbora izan dut; horregatik hau idaztea erabaki dut. COVID-19 a. Asko entzun da izen hau azken urtean, izan ere, gure bizitza aldatu du.
Argi dago komunikazio falta handia egon dela hilabete hauetan, nahiz eta egunero Fernando Simonek egoerari buruzko hizketaldia eman. Gehienbat Hezkuntza sistemarekin izan da komunikazio falta handia. Ikastetxeek ez zekiten nola jokatu 2020-202. kurtsoan zehar: klaseak online, gelan zenbat pertsona egon, musukoak erabili edo ez, protokoloak… Hori dena airean zegoen eta « goitik» ez zieten erantzunik ematen. Iraila iritsi zenean, eskola garaia iristen ari zela ohartu, eta orduan kezkatu ziren haur eta gazteetaz. Beranduegi.
Arauak martxan jarri zirenean gutxi gorabehera moldatu behar izan ginen (bai ikasle bai irakasle) « goikoek» emandako presakako protokoloei. Arauak argiak ziren, baina praktikan, ez zuten ia ezertarako balio. Irakasleek ezjakintasunean jokatu dute, eta ahal izan duten moduan eraman dute egoera. « Goikoek» irakasleei ahuntzak egotzi dizkiete.
Era berean, bai lanerako eta bai ikasteko baldintzak oso zailak dira. Orain arte Hezkuntzak taldelana asko bultzatu du, eta bat-batean lan guztiak banakakoak izatea oso arraroa da, ez duzu lagunik ondoan laguntzeko edo irakasleak ezin dira hainbeste egon ikasleen inguruan.
Denok esaten dugu egoera berri honek ustekabean hartu gaituela, eta egia da, baina izurri beltzean eta 1918ko gripean gauza asko ikasi zirela ematen zuen, eta hori ez da islatu pandemia honetan. XXI. mendean eta dagoen teknologiarekin ezin izan dugu COVID-19a gelditu. Hemen pertsona bakoitzaren jokabidea garrantzitsua da, baina, nire ustez, politikak asko oztopatu du egoera honen hobekuntza.
Eta gu, zer?
Ortzi Iturriotz, DBH4Cko ikaslea
Udara desberdinaren ostean ikasturtea hasi behar genuen, baina ez genekien ezer berari buruz. Ikasturtea hasi eta egongo zen egoerari buruz oraindik ez genekien ezer. Dena guri ezer kontsultatu gabe antolatua izan da, eta hala ere, ez digute esan nolakoa izango den egunean zazpi orduz egongo garen lekua.
Komunikazio falta ikaragarria egon da gobernu, ikasle eta irakasleen artean. Ez digute gure iritzia zein den galdetu; gutxienez nola antolatu galdetu baligute, ideia onak aterako ziratekeela pentsatzen dut. Adibidez, musukoa sei orduz jarrita ez edukitzeko irtenbideak, geletan distantzia mantentzeko irtenbideak, jolasgaraiko leku aproposago bat edukitzeko irtenbideak eta gauza askoz gehiagorako proposamenak egongo lirateke.
Honetaz gain, kalean bakarrik hamar pertsona elkartu gaitezke, baina gelan hogei. Tabernetan arratsalde osoa eman dezakegu kontsumitzen musukorik gabe, baina eskolan sei orduz musukoarekin egon behar gara gure arnasa arnasten. Alabaina, gauzak gaizki joatearen errudunak gazteak gara, ez egorea gaizki antolatu duen gobernuarena.
Azken finean, bakarrik nahi dutenerako kontuan hartzen gaituztela sentitzen dut. Gure egunerokoa nola izatea ez digute galdetu, baina gero ezbehar bat gertatzean errua guk daukagula diote. Ez zait batere bidezkoa iruditzen, eta hau ikusiarazi egin beharko litzatekeela uste dut.
Institutura buelta
Oritz Barrenetxea, DBH4Bko ikaslea
Irailaren 16a izan zen institutuko lehendabiziko eguna. Arraroa egin zitzaidan sei hilabeteren ondoren goizeko zazpi eta erdietan jaiki, eta etxetik instituturako bidea, berriz ere, egitea. Duela aste gutxi hasi dugu institutua, baina oraindik ere zalantza ugari dauzkagu, edo agian beldurra izan daiteke, auskalo! Gauden osasun egoera larri honetan edozer gauza gerta daiteke egun batetik bestera, hau da, agian bihar klaseko ikaskideren batek positibo eman eta, berriz ere etxetik ikasketa telematikoa egin beharko genuke.
Gure gelan hamazazpi ikaskide gara, aurten ez naiz nire lagun minaren ondoan eseri, segurtasun neurriak errespetatu behar ditugulako; horren ondorioz, bakarka eserita gaude. Mahaiek metro eta erdikoa distantzia mantendu beharko lukete, baina gure kasuan hori ezinezkoa da, gure gela oso txikia baita. Pintxopotera joaten diren pertsona horiek guztiak, berriz, bata bestearen ondoan egon daitezkeela ematen du, birusa existituko ez balitz bezala. Tabernetan ere, bata bestearen ondoan esertzen dira musukoa jaitsita dutela, eta guk, institutuan gauden sei orduetan guztietan, maskarila soinean dugula egon behar dugu, baita soinketan ere!
Ez zaizue iruditzen kontraesan asko daudela?
Komunei dagokienez, arauak ere oso aldrebesak dira. Komunera klase orduetan soilik joan gaitezke, irakasleari giltza eskatuta, eta jolas garaian komunak itxi egiten dituzte burbuilak ez sortzeko. Ikastolan genituen arau guztiak aldrebestu egin dira, ez duzue uste?
Hausnarketa txiki hau egin ondoren, konturatu naiz birus txiki honek ze kalte handiak egin ditzakeen gure gizartean. Bakoitzak bere aldetik jarriz gero lortuko dugu aurrera ateratzea. Eta espero dugu laster izatea hori!