Realak erraz garaitu du AZ Alkmaar
Realak Europa ligako hirugarren norgehiagoka jokatu zuen atzo Anoetan, eta emaitza estua izan bazen ere (1-0), txuri-urdinek herbeheretarrak erraz gainditu zituzten. Realaren erremate askoren ondoren, Cristian Portuk egin zuen garaipenaren gola, 58. minutuan.
Partida bizi hasi zen, lehenengo minutuan bi taldeek izan baitzuten gola egiteko aukera bana, baina hortik aurrera, txuri-urdinak izan ziren lehenengo zatiaren jabeak. Hainbat aukera izan zituzten Silvak, Portuk eta Le Normandek, besteak beste, baina ez ziren baloia ate barrura sartzeko gai. AZ Alkmaarrek, bitartean, defentsan baino ez zuen lan egiten, eta 37. minutura arte ez zuen beste jaurtiketarik egin.
Sinestezina zirudien, baina norgehiagoka 0-0 heldu zen atsedenera. Bigarren zatia antzeko hasi zen, eta Silvaren, Monrealen eta Oiartzabalen jokaldi batean kanariarraren jaurtiketa Porturi heldu zitzaion, eta bat eta hutsekoa egitea lortu zuen. Herbeheretarrek aldaketak egin zituzten, eta ordura arte baino pixka bat gehiago estutu zuten Reala, baina arrisku gehiegi sortu gabe. Imanol Alguacilek Zubimendi zelairatu zuen zelai erdia gehiago kontrolatzeko, eta Barrenetxea eta Januzaj sartu zituen geroago. Belgikakoak arriskua sortu zuen eskuin hegaletik, eta azken minutuan txuri-urdinak izan ziren.
Azkenean, Realak 1-0 irabazi zuen, baina gol gehiago sartzeko aukera izan zuen; hurrengo partidetarako punteria landu beharko dute Alguacilen mutilek. F taldeko goiko postuak ezin dira berdinduago egon: AZ Alkmaar da lehenengoa, Napoli bigarrena eta Reala hirugarrena; hiruak sei punturekin. Rijeka da azken sailkatua, zero punturekin. Hurrengo jardunaldia hilaren 26an izango da, eta Realak AZ Alkmaarren etxera joan beharko du jokatzera.