Urtebetetze oparia
Alazne Mujika eta Fidel Perez emazte-senarrek oso gustuko dute kirola, eta Telmo eta Libe euren seme-alaba bikiei zaletasun hori helarazi nahi izan diete. Behobia lasterketa kuttunetako bat da familian, eta aurtengoa ere berezia izango da.
Urriaren 14an Alazne Mujikak (Azkoitia, 1972) 48 urte bete zituen. Pandemia dela eta, Mujikak espero zuen familiak elkarrekin denbora pasatzeko opariren bat egingo ziola. Baina Libek eta Telmok (Amara Berri, 2009), Mujikaren seme-alaba bikiek, Fidel Perez (Villanueva de la Jara, Cuenca, 1977) euren aitaren laguntzaz, ama ustekabean harrapatu zuten. “Behobia-Donostia birtualean parte hartzeko nire dortsala erakutsi zidaten. Eta ondoren, beraiek hiruek ere dortsala zutela ikusi nuen”, kontatu du Mujikak. “Azkenean Fortuna laguntzeko ere modu bat da”, nabarmendu du.
2020ko edizioa berezia zen familiarentzat. Hamargarren Behobia zen bai Alaznerentzat, baita Libe eta Telmorentzat ere. “Lehenengoa 2011an egin nuen nik, eta urte horretan, 2 urte zituztela, Libe eta Telmo Behobia txikian atera ziren”, kontatu du Mujikak. Une horretan, oraindik ere Behobia txikia Udaletxe inguruan egiten zen, eta eskutik helduta egin zituzten anai-arrebek 25 metroak. Aitak, berriz, urtebete beranduago egin zuen lehena, 2012an. “2011an, txikiak oso txikiak ziren, eta eurak zaintzen geratu zen”, azaldu du Mujikak.
Geroztik, Behobiaren asteburua “festa” asteburua izan ohi da familian, larunbat eta igandeko plana. Larunbatean Behobia txikia, eta igandean helduen lasterketa. “Familia guztia aztoratuta ipintzen dugu igandean. Txikiak nire gurasoekin geratzen dira, eta goizean goiz etorri behar izaten dute Azkoititik. Familiako kide guztiak inplikatzen ditugu, bikoteak parte hartzeko gustuko dugun lasterketa horretan”, esan du Mujikak. Gainera, azkeneko hiru urteetan, lasterketako erbi lanetan ere aritu da Mujika. Behobiak izan duen lehen erbi emakumeetako bat izan zen, eta aurten ere izan behar zuen.
Behobia, beraz, ez da edozein proba beraientzat. “Kirolarekin harreman estua izan dugu bikoteak betidanik. Kirola egitea gustuko dugu. Donostian horrelako ekitaldi bat izatea ez da erraza. 2011n parte hartu genuenetik, tradizio bihurtu da etxean”, azaldu du.
Familian parte hartu
Aipatutakoa kontuan hartuta, ohiko Behobiarik gabeko lasterketa, urte arraroa izango da Perez Mujika familiarentzat.
“Desberdina izango da, Behobia beste gauza bat baita”, dio penaz Mujikak. “Baina aurten egokitu da gauzak desberdin egitea, eta uste dut hori izan behar dela jarrera. Datozen urteetako Behobia berdina izan dadin, aurten gauzak desberdin egitea egokitu zaigu. Nire ustez, hori da filosofia, hiriarentzat horrelako proiektu interesgarri bat ez dadin geratu”, nabarmendu du.
Beraz, aurtengo Behobian, birtualean, bakoitzak bere plana egin ordez, elkarrekin aterako dira Alazne, Fidel, Libe eta Telmo. “Ideia da familian egitea. Korrika eta oinez, txikientzat ere erronka hori posible egiteko. Hala ere, uste dut Telmok denak korrika egin nahiko duela. Baina ikusiko dugu”, dio barrez Mujikak. Neurri berriak direla eta, distantzia mantenduz eta maskararekin egingo dute.